Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/02/14

Pasaiako edukiontzi grisetan botatako hondakinen % 74 birziklagarriak dira

Azterlan baten arabera, pasaitarrek materia birziklagarriaren kantitate itzelak botatzen dituzte errefusaren edukiontzira

2024ko uztailean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) Pasaian sortutako errefusa jasotzen duen kamioiaren karakterizazio bat egin zuen, edukiontzi grisean utzitako materiarena, alegia. Emaitzen arabera, herritarrek edukiontzi grisera bota zituzten hondakinen ia % 74 birziklagarriak ziren. Bestela esanda, gaikako bilketarako edo Garbiguneetarako prestatutako edukiontzietan utzi beharreko hondakinak ziren.

Azterlanean aurkitutako hondakinen ia % 24 biohondakinak (organikoa) ziren, eta materia hori edukiontzi marroian utzi behar da. Gainera, % 26 edukiontzi zurira bota beharreko oihalak ziren (ehunak). Horiez gain, honako materia birziklagarri hauek aurkitu ziren: ontzi arinak, papera eta kartoia, zura, beira, pilak, etab. Elementu horiek guztiak gaikako bilketarako edukiontzietan nahiz garbiguneetan utz daitezke.

"Datuak latzak dira, eta berriz ere agerian uzten dute hobekuntzarako tarte handia dugula", adierazi du Iraitz Pazos Zerbitzu eta Ingurumeneko zinegotziak. Gainera, adierazi duenez, "karakterizazioaren emaitza kontuan hartuta, argi dago edukiontzi grisean uzten diren hondakin gehienak birziklagarriak direla eta askoz gehiago egin daitekeela".

2024an ia 3.000 tona errefus sortu zen Pasaian, eta kudeaketa-gastua 625.000 eurokoa izan zen, hau da, 215 euro tona bakoitzeko.

Pazosen hitzetan, "edukiontzi grisean biltzen den hondakin-kopuruak esponentzialki gora egin du azken urteotan, eta horrek eragin zuzena izan du hondakinen tasaren igoeran. Horri gehitu behar zaio, Hondakinen Estatuko Lege berria ezartzearen ondorioz, Udala behartuta dagoela sorreraren araberako ordainketa jasoko duen zerga bat ezartzera; hau da, zenbat eta hondakin gehiago, orduan eta kostu handiagoa kudeaketan, eta, beraz, tasa handiagoa herritarrentzat ".

"Oraindik garaiz gabiltza"

Pazosen hitzetan, "egoera hori iraultzeko garaiz gaude oraindik. Gaikako bilketa-tasak  ("birziklatze-tasa" esaten zaion horrek) eragin zuzena du udalen hondakinen kudeaketa-gastuetan. Errefusaren sorrera zenbat eta handiagoa izan (hau da, birziklatze-tasa zenbat eta txikiagoa izan), orduan eta handiagoa da hondakinen kudeaketako gastua ".

2024an, birziklatze-tasa % 48koa izan zen Pasaian, eta errefusaren kudeaketaren kostua 625.000 euro ingurukoa izan zen. Haatik, tasak Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Planak ezartzen duen % 70a gainditu izan balu, 350.000 euro aurreztuko ziratekeen kudeaketa-kostuan. "Edo, bestela esanda, errefusetik ateratako hondakin birziklagarri guztiak dagokien edukiontzian utzi izan bagenitu, Pasaiako hondakinen gaineko zerga % 6 igoko zen, % 15 igo beharrean".

Apustu irmoa: birziklatu, eraldatzeko.

Egoera kontuan hartuta, Pasaiako Udalak apustu sendoa egin du pasaitarrak etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa egokian kontzientziatzeko eta hezteko.

Hondakinak kudeatzeko ordenantza berria onartu eta "Etorkizuna birziklatzen" kanpaina hedatu ondoren, Udalak urrats sendoak ematen jarraituko du, herritarrekin lankidetzan gaikako bilketa-tasa handituz joan dadin eta, beraz, kudeaketaren kostua murriztu dadin. Horrek, zalantzarik gabe, eragin positiboa izango du bai ingurumenean bai udalerriko familien ekonomian", amaitu du Pazosek.

Edukiontzi grisetan ondorengo hondakinak aurkitu dira eta beraien toki egokia ondorengoa litzateke:

EDUKIONTZI BERDEA

EDUKIONTZI URDINA

EDUKIONTZI TXURIA

EDUKIONTZI HORIA

GARBIGUNEA