Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/14

Aparkatzeko bertakoen txartelak eska ditzakete dagoeneko antxotarrek

Eskaerak abuztuaren 8ra bitarte aurkeztu ahalko dira

Aparkalekuaren Ordenantzaren bigarren fasea martxan da, eta, beraz, bertakoen txartelen eskaerak aurkez ditzakete jada bigarren sektoreko bizilagunek. Bigarren sektore horrek (S-A1) Antxoko barruti guztia barnebiltzen du.

Eskaera horiek abuztuaren 8ra bitarte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango dituzte antxotarrek. Ordenantza, berriz, hurrengo egunetik aurrera (abuztuaren 9an, larunbata) sartuko da indarrean eta, beraz, besteak beste, bertakoen txartela dutenek soilik aparkatu ahal izango dute B eta R batekin seinaleztatutako eremuetan. 

Aparkatzeko bertakoentzako txartelak modu telematikoan Pasaiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurre HAZ bulegoetan eska daitezke. Horretarako, eskaera-orria bete eta aurkeztu beharko dute norbanakoek; betiere, honako baldintzak betetzen badituzte:

  • Antxon erroldatuta egotea ibilgailua eta eskatzailea (biak helbide berean).
  • Gidabaimena, ibilgailuaren asegurua eta IAT egunean izatea.
  • Eskaera egiten den egunean udal administrazioarekin zerga-betebeharrak egunean izatea eta trafiko-zehapenik ordaindu gabe ez izatea.

Eremu horietako merkatariek edota eremu horietan erroldatuta dagoen enpresa-ibilgailu baten ohiko gidari direnek ere txartela eskatu ahal izango dute (ordenantzak xedatutakoaren arabera, betiere). Bertakoen baimena jasoko dute, halaber, gidabaimenik ez duen pertsona baten ibilgailua erabiltzen duten bizilagunek, baldin eta jabearen etxe berean bizi edo haren zaintzailea/tutorea badira.

Behin eskaerak aurkeztuta, udal organo eskudunak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du eskaera. Ebazpen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta aldekoa den kasuetan txartela jaso ahalko du. Baimen hori jasotzerakoan, dagokion tasa (37,10 euro) ordaindu beharko du eskatzaileak (ordainketa hori ezingo da eskudirutan egin).

Gainerako faseak

Alkateak adierazi duenez, lehen faseko eskaerak "arrakastaz" egin dira. Dagoeneko jaulki dira bertakoen lehenengo txartelak, eta uztailaren 8tik aurrera indarrean sartuko da araudia Azkuene 42 (Trintxerpe), Donibaneko alde zaharra eta Torreatze (San Pedro) eremuetan.

Espazio horietan, Udaltzaingoak “probaldiari” ekin dio oraingoz. Hori horrela, informazio-oharrak jartzen ari dira txartelik gabe egoiliarren eremuetan aparkatuta dauden edo ordenantza berria beste moduren batean urratzen ari diren autoei.

Behin Antxon eskaerak egiteko epea amaitu eta araudia indarrean sartu ondoren (abuztuaren 9tik), hirugarren eta azken fasean Pasaiako gainerako sektoreak sartuko dira indarrean: San Pedro, Donibane eta Trintxerpe osoa. Sektore horietako bizilagunek abuztuaren 9tik aurrera eskatu ahal izango dituzte txartelak, eta ordenantza urriaren 10etik aurrera hasiko da aplikatzen azken eremu horietan.​​​​​​
​​​​​​