Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/19

Azkuene parkea garbitzen eta berritzen ari da udala eta atal naturalizatu berri bat sortu du

Zamateteko parkean ere hobekuntzak egingo dira

Azkuene parkea garbitzen eta berritzen ari da Udala azken egunetan. Gainera, atal naturalizatu berri bat sortu du, hainbat adinetako haur eta gaztetxoentzako jolas elementu informalak, egonlekuak eta mahai eta bankuak jarriz. 

Interbentzio oso baten lehen fasea da hau. Izan ere, aurreko astean parkearen inguru guztia hidrogarbitzen hasi ziren, lurra egoera onean uzteko. Azken urteetan zuhaitzetatik eroritako zikinkeriak sortutako melaza ezabatzeko helburua dute mantentze-lan horiek. Halaber, datozen asteetan parkean dagoen jolaslekuko kautxuzko zorua aldatuko da, eta jolas elementu batzuk aldatu eta beste batzuk konponduko dira parkea berritzeko helburuarekin.

36.000 euroko inbertsioa egin du Udalak lan horietarako, eta kautxuzko zorua aldatu eta zenbait elementu konpontzeko 20.000 euro gehiago inbertituko dira.

Hobekuntzak Zamateteko haur parkean ere

Udala beste parke batzuk berritzeko lanak ere  egiten ari da, adibidez, Zamatete haur parkean jolas elementuak berrikusi eta konponduko dira. Orotara 2.000 euro inbertituko dira lan horiek egiteko.