Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/18

Zein Babesleku Klimatiko ditu Pasaiak? 

Bero-boladetan konfort termikoa eskain dezaketen eremuen aurkezpena azaroaren 20an izango da, San Pedron

Pasaiako Udalak 2024ko uztailean abiatu zuen azpiegitura berdearen eta babesleku klimatikoen identifikazio prozesua. 

“Jakina da klima aldaketaren eraginak gero eta nabarmenagoak direla eta etorkizunean areagotu egingo direla. Aurreikuspenek diotenez, muturreko tenperaturak gero eta maizago agertuko dira eta bero-boladen iraupena, maiztasuna eta intentsitatea areagotu egingo dira. Egoera horri aurre egiteko ezinbestekoa da tokiko mailatik arazoari heltzea eta gure herri eta hiriak egoera berri horietara egokitzea” azaldu du Iraitz Pazos Ingurumeneko zinegotziak.

Pasaiako Udalak ildo horretan konpromisoa hartu, eta hainbat ekintza aurrera eraman ditu azken urteetan, horien artean Pasaiako Klima eta Energiaren Tokiko Planaren idazketa, 2023an. Ekintza-plan horren barruan, besteak beste, helburu hauek ezarri ziren: herriguneko azpiegitura berdearen identifikazioa eta bero-boladen aurrean herritarrak babesteko neurriak hartzea. 

“Pasaiako azpiegitura berdearen eta babesleku klimatikoen sarearen proiektuaren baitan, herrian konfort termikoa eskain dezaketen eremuak identifikatu dira, bero-boladen aurreikuspenen aurrean herritarrak babesteko. Eremu horiek kanpoaldekoak (herriko eremu berdeak, parkeak, lorategiak, etab.) zein barnealdekoak (liburutegiak, kiroldegiak, kultur-etxeak, etab) dira” gaineratu du Pazosek.

Pasaiako Udalak garrantzi handia eman dio proiektu honetan herritarren iritzia barneratzeari, eta horretarako, parte-hartze prozesu sakona egin du. Herriko hainbat eragileri proiektua aurkeztu zaie eta herritarrek aukera izan dute identifikatutako eremuei buruz duten iritzia emateko eta proiektuari ekarpenak egiteko. Parte hartu duten eragileak hauek izan dira: Pasaia Lezo Lizeoa, berdintasun mahaia, barruti guztietako jubilatuen elkarteak eta herritarrak saio irekietan. Horrez gain, Udalak gaiari buruzko online galdetegi bat partekatu zuen webgunean, Pasaiako herritar orori bideratutakoa. 

Proiektuari amaiera emateko, Pasaiako herritar orori zuzendutako saioa antolatu da, azaroaren 20an, San Pedroko Udal Aretoan,  18:30ean. Saio horren helburuak dira prozesuaren nondik norakoak azaltzea, eta Pasaiako babesleku klimatikoen sarea herritarrei aurkeztea.