Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/11

Azaroaren 25aren inguruan, egitarau zabala prestatu du Udalak

Ekimenak azaroaren 12tik abenduaren 4a arte antolatu dira, herriko elkarte, talde feminista eta gizarte erakundeekin elkarlanean

Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna denez, Pasaiako Udalak egitarau zabala antolatu du herriko elkarte, talde feminista eta gizarte-erakundeekin elkarlanean. Guztira, 17 ekimen antolatu dira 4 barrutietan, mobilizazioak barne, azaroaren 12tik abenduaren 4ra bitartean

Aintzane Taberna Berdintasuneko zinegotziaren esanetan: “indarkeria matxista mota guztien aurrean hausnarketa, kontzientzia kritikoa eta ekintza kolektiboa sustatzea da gure helburua, kulturaren, artearen, elkarrizketaren eta parte-hartze komunitarioaren bidez”.

Lehenengo jarduera azaroaren 12an izango da: Justizia klimatikoari eta generoari buruzko hitzaldia. Hitzaldi horretan aztertuko da krisi klimatikoak emakumeei eta gizonei nola eragiten dien, ingurumen-narriaduraren eta genero-desberdintasunen arteko harremana erakutsiz. Iraunkortasunaren, ekofeminismoaren eta ingurumen-justiziaren aldeko borroken buru diren emakumeen nazioarteko adibideak jorratuko dira, eta tokiko ingurumen-politiketan genero-ikuspegia txertatzeko beharraz eztabaidatuko da. Ekimena Mundubat Fundazioak antolatu du eta Antxoko Kultur Etxean izango da, 17:30etik 19:30era.

Azaroaren 13an "Lan eskubideak eta generoa etxeko enpleguan" tailerra izango da Bekoz Beko elkarteren eskutik.

Etxeko eta zaintzako emakume langileei zuzenduta dago nagusiki, eta oinarrizko lan-eskubideei, sektorearen egungo egoerari eta prekarietatearen eta diskriminazioaren aurrean defendatzeko mekanismoei buruzko informazioa ematea du helburu. Etxeko lanen feminizazioaren eta indarkeria ekonomiko eta sinbolikoaren arteko lotura ere landuko da.
Bekoz Bekoren lokalean izango da, (Zumalakarregi 7 kalean, Antxon). Sarrera doakoa izango da eta gaztelaniaz izango da da, 17:00etatik 19:00etara.

Azaroaren 13an eta 14an, halaber, "25N: Rap feminista" tailerra egingo da, 17:00etatik 20:00etara, euskaraz. Tailer horretan proposatuko da rap-a ahalduntze eta aldarrikapen feministarako tresna gisa erabiltzea. Parte-hartzaileek eduki soziala eta generoa duten letrak idazten eta partekatzen ikasiko dute, hitza erresistentzia-modu bihurtuz.

Azaroaren 15ean eta 22an, "Lamientzako eta sorginentzako kantu subertsiboa" tailerra egingo da, 11:00etatik 13:00etara, formatu elebidunean. Jarduera horretan lamien eta sorginen irudi mitikoak berreskuratuko dira, emakumeen boterearen eta errebeldiaren sinbolo gisa. Ahotsaren eta kantu kolektiboaren bidez, parte-hartzaileek askatasuna, memoria eta sororitatea patriarkatuarekiko erresistentzia-modu gisa aldarrikatzen dituzten konposizioak sortuko dituzte. Saioak La Bombonera Arte Eszenikoen Elkartean (Antxon) izango dira. Sarrera librea izango da edukiera bete arte, baina lehentasuna emango zaie Jabetze Eskolaren bidez izena eman duten emakumeei.

Azaroaren 21, 22 eta 23an, Entre Orillas, Topaketa, Bixi-Bixi eta Bekoz Beko elkarteek ekintza sinboliko bat antolatuko dute herriko  saltokietan txapak eta txano moreak banatzeko. Ekimen horren helburua da udalerriak berdintasunarekin duen konpromisoa ikusaraztea eta herritar guztiak animatzea indarkeria matxistaren biktimei babesa ematera.

Egitarauak azaroaren 22an eta 29an jarraituko du, Donibaneko Kulturgunean, "Ispiluarekin adiskidetu" tailerrarekin, 11:00etatik 14:00etara, formatu elebidunean izango da. Tailer hori Jabetze Eskolaren barruan dago eta autoezagutza eta autoestimu lan bat proposatzen du begirada feministatik, sormenezko dinamikak erabiliz norberaren irudiarekin eta gorputzarekin adiskidetzea errazteko.

Azaroaren 24an, Trintxerpeko Alkateordetzan, "Bikoteaz haratago: familia barruko indarkeriari aurre eginez" hitzaldia emango da, 17:30etik 19:00etara, euskaraz. Saio horretan familia-inguruneetan gertatzen den indarkeria matxista aztertuko da, bikotearen eremutik haratago, eta alabek, amek, ahizpek edo zaintzaileek jasan ditzaketen indarkeriei buruz hausnartuko da. Egoera horiek detektatzeko eta biktimei laguntzeko gakoak eskainiko dira, zaintzaren ikuspegitik.

Azaroaren 25ean, ospakizunaren egun nagusian, "Hasta que no duela más/Minik ez egin arte" performancea egingo da Trintxerpeko Gernika plazan, 18:00etatik 19:00etara, gaztelaniaz. Entre Orillas, La Bombonera eta Alargun Beltza elkarteek parte hartuko dute, musika, kantua eta gorputz adierazpena uztartuz, mina indar kolektibo bihurtzea eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei omenaldia egitea helburu dituen proposamen artistiko batean.

Egun horretan, halaber, Pasaiako Mugimendu Feministak dei egiten die herritar guztiei azaroaren 25eko mobilizazioetan parte har dezaten. Hitzordua Donibanen izango da, 19:00etan. Hil-kanpaiak entzungo dira eta Udaletxe zaharra more kolorez argiztatuko da.

Antxon, Bekoz Beko elkarteak ere elkarretaratzea deitu du 19:30en Gure Zumardian. Trintxerpen, berriz, Topaketak egin du deia, ordu berean, Gernika plazan.

“Hiru elkarretaratze horiek adierazten dute Pasaia osoak indarkeria matxistaren aurrean duen batasuna eta emakume guztientzako bizitza aske, seguru eta duinarekiko konpromiso kolektiboa” gaineratu du Tabernak.

Azaroaren 26an egitarauak bi jarduera eskainiko ditu. Alde batetik, Euskal Fondoak antolatutako "Aquí sí se hace lucha/Hemen bai borroka egiten da" dokumentalaren emanaldia, 18:00etatik 19:30era, Antxoko Kultur Etxean, formatu elebidunean. Dokumentalak borroka sozial eta feministen buru diren emakumeen testigantzak aurkezten ditu, sareek eta emakumeen mugimenduek eraldaketa sozialean duten indarraz eztabaidatzeko gune bat irekiz.

Egun horretan bertan, 17:00etatik 19:00etara, Trintxerpeko Alkateordetzan, "Emakume migratu pasaitarrak indarkeria sistemikoen aurrean" izenburuko kulturen arteko elkarrizketen beste saio bat egingo da, gaztelaniaz. Topaketa horrek hainbat jatorritako emakumeak bilduko ditu, egiturazko indarkeriei buruz hausnartzeko (arrazismoa, desberdintasun ekonomikoa, bazterketa edo indarkeria instituzionala).

Azaroaren 30ean, Trintxerpeko alkateordetzan, "Ni una menos" errezitaldi poetiko musikatua izango da, Marimar Estévezek antolatuta, Topaketaren laguntzarekin, 12:00etatik 14:00etara, gaztelaniaz.

Abenduaren 1ean, Trintxerpeko alkateordetzan "Emakumeak eta aniztasuna: diskriminazioaren aurkako narratibak" tailerra egingo da, 17:30etik 20:30era, euskaraz. Jarduera horretan, emakumeen bizitza zeharkatzen duten diskriminazio-moduak jorratuko dira — dibertsitate funtzionalagatik, orientazioagatik, identitateagatik edo jatorriagatik—, eta aniztasuna balio gisa ospatzen duten narratiba feminista inklusiboak eraikitzea sustatuko da.

Egitaraua abenduaren 4an amaituko da San Pedroko Jubilatuen Etxean, "Indarkeria matxista, bikotearen eskematik haratago: familia barruko indarkeria" tailerrarekin. 17:30etik 19:30era izango da, formatu elebidunean. Jarduera horren helburua da familia-eremuan gertatzen diren indarkerien ulermenean sakontzea eta indarkeria horiek detektatzeko eta laguntzeko tresnak eskaintzea, herritarrak inplikatuz indarkeria-mota horien aurrean erantzun komunitarioa emateko.

“Egitarau zabal honetako jardueretan parte hartzeko deia zabaltzen diegu pasaitarrei. Informazio guztia udal webgunean aurki daiteke” amaitu du zinegotziak.