Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/01/16
IMPaCT Medikuntza Prediktiboko programaren aurkezpena Pasaian
Urtarrilaren 12an
Pasaiako udaletxeko Pleno aretoan IMPaCT kohorteak garaturiko Medikuntza Prediktiboko programari buruzko aurkezpena egin da. Kohorte horrek 20 urtez 200.000 pertsonaren jarraipena egingo du, biztanlerian eragina duten gaixotasun nagusiei buruzko informazioa jasotzeko, eta ikertzeko gaixotasun horiek zein lotura izan dezaketen, besteak beste, ingurumen-faktoreekin, faktore sozioekonomikoekin, bizimoduekin, eta faktore biologiko edo psikologikoekin.
Eskala handiko ikerlan horren nodo bat Pasaian kokatu dute. Abenduaren 11tik, Pasai San Pedroko osasun zentroan artatzen ari dira pazienteak. Horretarako, anbulatoriotik bertatik dei egiten ari dira 16 eta 79 urte bitarteko biztanleei, azterlanean parte hartzera gonbidatzeko. San Pedroko biztanleak ez ezik, Pasaiako gainerako barrutietakoak ere deituko dituzte, baita Lezo, Bidebieta eta Altzakoak ere.
Prentsaurrekoan Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak hartu du lehen hitza, eta haren ondotik proiektuaren arduradunak mintzatu dira: Itziar Vergara Michelena, familia medikua eta Biogipuzkoako zuzendari zientifiko eta IMPaCT proiektuko ikertzailea; Rafa Rotaeche del Campo, familia medikua eta Gipuzkoako IMPaCT Nodoaren egungo ikertzaile nagusia; eta Xabier Sanz Cascante, erizaina eta San Pedroko osasun zentroko Lehen Arretako unitateburua.
Alkateak nabarmendu du ikerketan parte hartzen dutenek “xehetasun handiko osasun-azterketak” jasoko dituztela gerora. Datu horien artean egongo dira, kasu, test kognitiboak, azterketa fisiko eta funtzional sakon bat, elektrokardiograma bat edo ekokardiograma bat. Horrez gain, jakina, taldeak osasun-arreta behar duen edozein aurkikuntzaren berri emango diete parte-hartzaileei.
Parte-hartzaileak
Boluntario bakoitzari, 5 urtean behin, azterketa fisiko sakon bat egingo zaio, osasun egoerari buruzko galdetegi bat beteko du, eta lagin biologikoak hartuko dizkiote. Bestelako errutinazko jarraipenak telefonoz edo aplikazio informatikoen bidez egingo dituzte, eta datu guzti horiek datu-base kliniko edo estatistikoetan eskuragarri dagoenarekin osatuko da.
“IMPaCT azterlana Espainian tamaina handieneko kohorteen proiektua da”, nabarmendu du Itziar Vergara Biogipuzkoako zuzendari zientifikoak. Eskerrak eman dizkio arduradunak Pasaiako Udalari proiektuaren zabalkundean eskainitako laguntzagatik: “Udalaren zeregina funtsezkoa da Pasaiako herritarren parte-hartzea lortzeko, eta ziur gaude, beste batzuetan bezala, pasaitarrek eskuzabaltasunez erantzungo diotela IMPaCTen parte hartzeko egiten diegun deiari”.
Pasaian
Rafael Rotaechek, Gipuzkoako nodoaren ikertzaile nagusia izaki, Pasaiako azterlanari buruzko xehetasunak eman ditu: “Hautaketa prozesua ausazkoa da, eta biztanleria datuekiko proportzionala”. Azterketa bost urtez luzatuko da, eta urteko 800 boluntarioren datuak jasotzea dute aurreikusita. “Pasaiako parte-hartzaileen urteko banaketa 160 boluntariokoa izango da San Pedro eta Trintxerpe artean, 104koa Antxon eta 32koa Donibanen. Altzako 296, Lezoko 96 eta Bidebietako 112 gehituta, urtean 800 horien helburua lortuko dugu”.
Ikerketaren lehen hilabeteetan San Pedroko populazioari erreparatzen ari dira, eta, azkenean, Pasaiako biztanleria osoak nodoaren lagunen % 37 (1480 pertsona) jarriko du, urteroko 296 pertsonako erritmoan.
San Pedroko anbulatoriotik
Xabier Sanz anbulatorioko unitateburuak lanean nola ari diren azaldu du jarraian. Osakidetzaren laguntzari esker, osasun etxearen bosgarren solairuan IMPaCT modulua instalatu da, azterketetarako hiru gelarekin.
“Espazioa errazteaz gain, gure zentroak modu estuan laguntzen die IMPaCT teknikariei”, zehaztu du arduradunak. Administrazioko langileek pazienteei informazioa eman eta zalantzak argitzen dizkiete. “Beharrezkoa da lankidetza hori balioan jartzea, eta are gehiago osasun zentroontzako hain zailak izaten ari diren garaiotan”.
Hasierako parte-hartzea “oso ona” izaten ari dela ziurtatu du Sanzek: “Harrituta gaude erantzun-tasak beste erkidego batzuetan ikusitakoak baino handiagoak izaten ari direlako, nahiz eta azterlanaren hasiera Gabonetan hasi den”. Orain arte 34 bat paziente artatu dituzte, eta uste dute erritmo hori handitu ahal izango dutela oraindik.
“Gure ustez, deia osasun-zentroan bertan egitea eta probak zentroan bertan egitea funtsezkoa da proiektuari jarraipena emateko”.
Amaitzeko, alkateak dei egin die pasaitarrei haiekin harremanetan jartzen badira ikerlanean parte har dezaten: “Aipatu dugun bezala, paziente bakoitzak bere osasun egoerari buruzko txosten sakon bat jasoko du. Hortaz, onurak ere jasoko dituzte boluntarioek. Baina, batez ere, IMPaCT proiektuan parte hartzeak ezagutza medikuaren eta ikerketaren alorrean ekarpen handia egingo du, gure etorkizuneko belaunaldien osasun-arreta hobetzeko aukera emango baitie profesionalei”.






