Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/19

Atzerritartasun arautegiari buruzko hitzaldi gehiago antolatu dira 

Azaroaren 27an Donibanen eta abenduaren 16an Trintxerpen

Pasaian bizi den atzerritarra zara, migratzaileekin lan egiten duzu edo atzerritarrei eragiten dieten lege-aldaketekin egunean egotea interesatzen zaizu? Hala bada, Udalak antolatu dituen  hitzaldiak interesgarriak dira zuretzat.

Udalak informazio-saio batzuk antolatu ditu, duela gutxi onartutako 155/2024 Atzerritartasun Arautegi berria sakon aztertzeko. Lehendabizikoa urrian egin zen, Antxon, eta datozen asteetan bi gehiago antolatu dira Donibanen eta Trintxerpen. Saio horietan, atzerritartasunaren eta migrazioaren arloan jasotako aldaketa garrantzitsuak jorratuko dituzte.

Hitzaldian argi eta erraz azalduko dira aplikatu diren aldaketa nagusiak. Izan ere, atzerritarrei buruzko arautegian Espainiako atzerritarren egoitza, lana eta erregularizazioa arautzen dira, eta arautegian aldaketa nabarmenak egin ziren 2024an. 

Araudi berria 2025eko maiatzaren 20an sartu zen indarrean, eta honako helburu hauek ditu: izapideak sinplifikatzea, legeria Europako arauetara egokitzea eta integrazioa hobetzea, hiru arlo nagusitan: lana, prestakuntza eta familia. 

Halaber, saioan aztertuko da aldaketa horiek nola eragin diezaieketen Pasaian bizi diren migratzaileei, erregularizazio-prozesuan daudenei edo migratzeko asmoa dutenei.

Horretarako, SOS Arrazakeria elkarteko hizlariak izango dira bertan, atzerritartasun-zuzenbidean espezialista direnak, alegia.  Saioen helburuak dira zalantzak argitzea eta araudi berrietara egokitzeko orientazio praktikoa ematea.

Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte:

  • Azaroaren 27an, 19:00etan, Donibaneko kulturguneko balio anitzeko gelan.
  • Abenduaren 16an, 19:00etan Trintxerpeko Alkateordetzan.