Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/02/12
Andonaegiko aparkaleku-eraikin berrirako proiektua idazteko lizitazioa martxan da
Garajeez gain, igogailu berri bat eta erabilera komunitariorako guneak ere sortzea proposatzen da

Andonaegi auzoan eraikiko den aparkaleku publikoa diseinatzeko proiektua idazteko lizitazio prozesua abian da. Kontratuaren xedea eraikina egiteko beharrezko lanen eta igogailu publikoaren exekuzio proiektua idaztea izango da. Baita inguruko urbanizazioa eta eraikin gaineko plaza egikaritu ahal izateko azterlanak egitea ere. Aurrekontua 140.000 eurokoa da (BEZa barne).
Lizitazio prozesuaren xehetasunak dagoeneko argitaratu dira Pasaiako Udalaren webgunean eta Kontratatzailearen Profilean. Hautagai interesdunek euren proposamenak aurkezteko aukera dute, baita eskaintza hobetzekoa ere.
Kontratua esleitu eta sinatu ondoren, lau hilabeteko epea ezarriko da lana osatzeko. Prozesua bi fasetan banatuko da: lehenengoan, hilabete bateko epea izango da oinarrizko proiektua garatzeko, eta bigarren fasean, exekuzio proiektua eta beharrezko azterketa teknikoak landuko dira.
Aparkaleku berria eta irisgarritasuna hobetzeko igogailua
Eraikuntza berria Oiartzun eta Bidasoa kaleen arteko magalean egongo da kokatuta, egun ur-depositu zaharra dagoen lekuan. Hala, bertako egungo desnibela (19 metro inguru) konponduko duen azpiegitura berri bat sortuko da.
Denera 2.726 metro koadroko azalera izango du eraikinak, bost solairutan banatuta. Espazio hori bizilagunen ibilgailu-aparkaleku gisa erabiliko da, eta udalak aurreratu du lokal publikoak edo antzerako espazio komunitarioak sortzea ere aurreikusita dagoela.
Solairu guztiak 'erdisoto-egoeran' eraikiko dira. Alegia, fatxada nagusia Bidasoa kalera irekita egongo da, eta beste hiru fatxadak (osorik, edo zati batean), lursailari integratuta.
Halaber, aparkaleku osoari zerbitzua emateko eta Oiartzun, Igeldo eta Bidasoa kaleen arteko desnibela gainditzeko igogailu bat ere aurreikusi da eremu horretan. "Horrek nabarmen hobetuko ditu hain aldapatsua den auzo honetako irisgarritasuna eta mugikortasuna", gaineratu du Trintxerpeko alkateorde eta Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi Iraitz Pazos Lapidok.
Eraikin berriaren estalkian "harremanetarako gune bat" sortzea aurreikusi da. Xehetasunak eman ditu Pazosek: "Terraza moduko gune horrek Bidasoa kaletik izango du sarbidea, arrapalen eta harmailen sistema baten bidez. Asmoa da azpiegitura ahalik eta balioanitzena sortzea, eta bertan egonleku edo harremanetarako eremu berri bat sortzea".
Lizitaziora irten diren zerbitzuak
Kontratatuko diren zerbitzuen artean daude, besteak beste: lurzoruaren kalitatea baloratzea, urbanizazio-obra osagarriak zehaztea, obren kostu zenbatetsia kalkulatzea, beharren programa ebaztea, eraikuntza- eta instalazio-sistemak definitzea...
Hala, Andonaegin garaje-eraikin bat eraikitzeko proiektua eta azterlan teknikoak jasoko ditu Udalak aipaturiko epeetan. "Horrekin, sekula baino gertuago egongo gara herri irisgarriago bat izatetik, eta baita bizilagunen aparkaleku arazoak arindu eta kaleak autoz liberatzetik ere", amaitu du zinegotziak.