Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/12/22

ALTXA GAZTE! Entrenatu, zaindu eta maite ezazu zeure burua 

Sustapen saioa antolatu dute abenduaren 23an, Antxon

Ezagutzen al duzu ALTXA GAZTE! ekimena? Jarduera gidatua da, fitnessa eta entrenamendu funtzionala egiteko talde giroan, balio jakin batzuetan heziz.

Pasaia Badia Aktiboak sortutako ekimena da, egoera fisikoa ingurune seguru eta hezitzailean hobetu nahi duten gazteei zuzendua (14-17 urte). 

Ikasturteko astearte eta ostegunetan ordubetez (16:30-17:30) antolatzen dituzte saioak Antxoko Ibaiondo frontoian. Prezioa, 22,84€/hilabetean. Izena emateko Maddi Marquetekin jarri behar da harremanetan, 623989105 telefonoan edota aktibatu@pasaia.net helbide elektronikoaren bitartez.

Gazteentzako ekimena
Zeure buruarekin indartsu, kementsu eta gustura sentitu nahi duzu, inolako filtrorik gabe, juzgurik gabe eta kanpoko presiorik gabe?

ALTXA GAZTE! zuretzat bereziki pentsatutako jarduera da, nork bere burua maitatuz osasuna eta ongizatea zaintzeko, konparaziorik egin gabe, aurreiritzirik gabe, eta jarrera indartsua izanik.

Elkarrekin entrenatuko duzue, ez izerditzeko bakarrik, baita indartsu, aske eta gustura sentitzeko ere.

Zer eskaintzen da?

  • Gorputz eta maila guztietara egokitutako entrenamendu funtzionala.
  • Mugitzeko, barre egiteko eta gozatzeko jolasak eta dinamikak, lehia neurrian hartuta. 
  • Lan kooperatiboa, elkar babestuz.
  • Gorputz-irudiaz eta -tabuez, sare sozialez eta autoestimuaz hitz egiteko gune bat izatea.

      Horiek guztiak ingurune seguru batean, juzgurik gabe… eta pantailarik gabe 

Zer EZ da egingo?

  • Ez da gorputza gurtuko.
  • Ez da "bikini operazioaz" hitz egingo.
  • Ez da estereotiporik sustatuko.
  • Presiorik, dietarik eta juzgurik ez.

Sustapen saioa eta bideoa

Abenduaren 23an, 17:00etatik 18:00etara sustapen saio bat antolatu dute Ibaiondo frontoian, urtean zehar egiten dituzten entrenamendu eta ekimenak erakusteko.

Gainera, ekimenean gazteak parte hartzera gonbidatzeko bideo bat egin dute.

Animatuko zara?