Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/10/28
Alerta laranja, suteengatik
Segurtasun sailburuordeak urriaren 26an ebazpena eman zuen, baso-suteen arriskuaren ondorioz landa-eremuan erabilera eta jarduera zehatz batzuei murrizketak eta debekuak ezartzekoa.
Ondoren adierazten diren murrizketa eta debekuak ezartzen dira, 1 eta 2 eremu klimatikoetan landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizaezinean urriaren 27ko 00:00etatik aurrera aplikatu beharko direnak. Murrizketa horiek indarrean jarraituko dute Euskalmetek emandako alerta laranja indarrean dagoen bitartean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Suteei Aurre Egiteko Larrialdi Plan Bereziak larrialdi-fasean aktibatuta jarraitzen duen bitartean.
- Ezin da sua erabili eta ezin da sua sorraraz dezakeen jarduerarik egin, esaterako, deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak eragin ditzaketen makinak ezin dira nekazaritza- eta baso-eremuan erabili.
- Ezin dira su artifizialak, petardoak eta beste gai pirotekniko batzuk erabili, ezta barbakoak egin ere; horiek guztiak hiri-lurzoruan ere ezin dira egin zuhaitzak, zuhaixkak, sastrakak edo edozein labore mota dauzkaten lurzoruetatik 300 metrora baino gutxiagora.
- Uztondoak, larre iraunkorrak, inausketa- hondarrak eta baso-hondarrak erretzeko baimen guztiak eteten dira.
- Ezin dira jaurti edo abandonatuta utzi sutea sor dezaketen gaiak edo erretzen dabiltzan objektuak.
Horiek horrela, Pasaiako udalerrian Arrokaundietako parkeko barbakoak eta parrilak zigilatu dira, eta zainketa-lan bat egingo da, ebazpen hau betetzen dela ziurtatzeko.
Arau-hausteak. Ebazpen horretako debekuen urraketak Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 69. eta 70. artikuluetan ezarritakoaren arabera zehatuko dira (apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretua).








