Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/17
Aldaketarako Marea ekimenari amaiera eman zitzaion musikaz beteriko festa batekin
40 ekimen inguru antolatu dira irailetik abendura bitarte
Bigarren urtez jarraian, Pasaiako Udalak Aldaketarako Marea ekimena martxan jarri du. Irailetik abendura bitarte 40 ekimen inguru antolatu dira, iaz baino askoz gehiago. Ekimen horren helburua da itsas zaintzan, ekonomia zirkularrean eta aldaketa klimatikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea, saretzea eta inplikatzea.
Aldaketarako Marean zenbait elkarte eta eragilek parte hartu dute: AZTI, Pasaia Kayak kluba, Laurak Bat elkartea, MATER, Itsas Zaintza Sarea, Buceo Donosti eta CIMASUB.
Iraitz Pazos Ingurumeneko zinegotziak itxiera ekitaldian ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen eta eskerrak eman zizkien parte hartu duten eragile guztiei: “Bigarren edizio honetan argi ikusi dugu Aldaketarako Marea sendotzen ari den ekimena dela, eta urtez urte gero eta errotuago dagoela Pasaiako egutegi sozialean eta hezitzailean. Udalaren ustez, funtsezkoa da ingurumenaren inguruko sentsibilizazioa modu gertukoan eta parte-hartzailean lantzea”.
Zinegotziak programaren aniztasuna eta parte-hartzea nabarmendu zituen: “Ia 40 jardueraren bidez, adin guztietako herritarrek izan dute ingurumenarekin lotutako gaietan parte hartzeko aukera, itsasoa, hondakinak, ekonomia zirkularra eta aldaketa klimatikoa ardatz hartuta. Horrek erakusten du lankidetza instituzional eta sozialaren balioa”.
Abenduaren 12an bukaerako festa egin zen San Pedroko Proisako estalkian. Familia eta haur asko bertaratu ziren eta material birziklatuekin eginiko musika instrumentuen tailerrarekin gozatu zuten, Trakamatrakaren eskutik antolatutakoa.
Ondoren, Aldaketarako Marea ekimenaren barruan bizi izandako esperientzien kontakizuna egin zen; eta, amaitzeko, sortutako instrumentuekin kontzertua eskaini zen.







