Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/02/10

Adinekoen kontseiluaren saio berria, otsailaren 11n

Antxo, Donibane eta San Pedro barrutietako partaideei gonbita luzatzen die Udalak

Pasaiako Udalak udalerriko pertsona nagusien beharrizanen diagnostikoa aurkeztu zuen azaroan, Trintxerpen. Diagnostiko hori urrats erabakigarria izan da Pasaian bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen errealitatea, beharrak eta interesak ezagutzeko, eta pertsona nagusientzako ingurune inklusiboago, irisgarriago eta parte-hartzaileago bat eraikitzeko.

Lan-lerroen artean, erabaki nagusienetako bat izan zen Adinekoen Kontseilua izena duen kontsulta-organoa eratzea. Diagnostikotik ateratako 44 hobekuntza-proposamenek markatuko dute organo horren jarduna. 2026ko urtarrilean hasi dira bilerekin, eta lehen bilera Trintxerpen egin dute. Herritarrez gain, mahai horretan esertzen dira Bizipozeko dinamizatzaileak, udaleko alderdi teknikoa eta udal gobernua.

Hurrengo hitzordua otsailaren 11n izango da 09:30ean San Pedroko etxebizitza tutelatuetan. Bertara joateko deia egin die Pasaiako Udalak bereziki Antxo, Donibane eta San Pedroko barrutietako adineko pertsonei, lehen saioa Trintxerpen egin zelako.

Bilerara Iraitz Pazos hirigintzako zinegotzia eta José Mitxelena Hirigintza Saileko teknikari burua bertaratuko dira, eta "irisgarritasuna" izango dute aztergai.