Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/06/12
Jaiei hasiera emateko ekitaldia Trintxerpen ospatuko da aurten, ekainaren 20an
12:00etan izango da Serafin Esnaola plazan eta haurrentzat zuzenduriko Holy festa koloretsua antolatuko da

Pasaiako jaiak ate joka ditugu! Azken bi urteetan egin ohi den modura, Pasaiako Udalak ekitaldi berezia antolatu du jaiei hasiera emateko. Datorren larunbatean izango da, ekainaren 20an, 12:00etatik aurrera, Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan.
Dantzaz, sorpresaz, musikaz eta kolorez beteriko herri ekitaldi honetan lau barrutietako kultur munduko hainbat eragilek parte hartuko dute:
- Batelerak
- llumbe banda
- Illumbeko txistulariak
- San Pedroko txistulariak
- Konstantzia banda
- Pasaiako erraldoiak
- Lamiak dantza taldea
- Lintxua dantza taldea
- Illumbeko dantzariak
Horrez gain, Pasaiako danborraden ordezkaritza batek ere parte hartuko du: Antxoko danborrada, Basari danborrada, Antxoko haur danborrada, Donibaneko itsas danborrada, Itsas Mendiko danborrada, Donibaneko haur danborrada, San Pedroko danborrada, San Pedroko haur danborrada, Azkueneko danborrada, Famili danborrada, Mariñel danborrada, Trintxerpeko haur danborrada, Emakume danborrada, Gizonen danborrada eta Meipiko danborrada.
Teo Alberro Pasaiako alkatearen hitzetan: "ekimen honek agerian uzten du Pasaiako herriak duen indar kolektiboa eta auzolanerako gaitasuna. Jaiak gure nortasunaren parte dira, eta hasiera ekitaldi honek aukera ematen digu lau barrutiak elkartu, eragile guztiak aitortu eta herri osoari ilusioz beteriko abiapuntua emateko”.
Bestalde, Laura Ré Kulturako zinegotziak gaineratu duenez, “kultur eragileen inplikazioa ezinbestekoa da jaiak bizirik mantentzeko. Ekitaldi honek belaunaldi ezberdinak batzen ditu, tradizioa eta sormena uztartuz, eta bereziki gazteenei protagonismoa emanez, etorkizuneko jaiak ere sendotzeko”.
Alkate txikiak
Berrikuntza gisa, barrutietako alkateordeekin batera aritzeko, alkate txikiak izendatu dituzte aurten herriko jai batzordeetan.
Beraien eginkizuna izango da erraldoiei zapiak janztea eta jai giroa sortzea.
Festa aurreko kalejirak
Ekitaldia Serafin Esnaolan izango da, 12:00etatik aurrera. Hala ere, bi kalejira antolatuko dira herritarrak musikariekin batera plazara joateko:
- 11:40ean San Pedroko frontoitik aterako dira batzuk.
- 11:50ean beste eragile batzuk Gernika plazatik irtengo dira.
- Kalejiraren erritmoan iritsiko dira 12:00ak aldera parte-hartzaileak.
Haurrak eta nerabeak protagonista, HOLY festan
Ekitaldian zehar, musika eta dantzekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutako haur eta nerabeek. Gainera, Holy festa koloretsua antolatuko da. Hori dela eta, kamiseta txuriarekin edo arropa zaharrarekin joateko gonbita egiten zaie guztiei.
Horrela emango zaie hasiera aurtengo jaiei. Hain zuzen ere, jaiak data hauetan izango dira:
- San Juan: ekainak 23-24.
- San Pedro: ekainak 26-30.
- San Fermin (Antxo): uztailak 3-8.
- Karmenak (Trintxerpe): uztailak 15-19.
- Santioak (Donibane): uztailak 24-31.







