Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/17
12 CM erakusketaren edizio berria inauguratu da
280 artisten lanak ikus daitezke San Pedron urtarrilaren 18a arte
12 CM erakusketaren 30. edizioari hasiera eman zitzaion abenduaren 12an. Era horretan, San Pedroko Udal Aretoan formatu txikiko artelanak ikusgai daude dagoeneko.
Inaugurazio beroa bizi izan zuten artistek eta zaleek, eta publikoak ederki erantzun zuen. Laura Ré Kulturako zinegotziak egin zuen ongi etorria. Bertan izan ziren Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Miren Murua San Pedroko alkateordea, eta baita EH Bildu eta EAJ-PNVko beste zenbait udal ordezkari ere. Aurtengo kartelaren protagonistak diren eta erakusketa sortzen lagundu zuten Ricardo Iriarte eta Carlos Inda artistak ere bertan izan ziren.
Aniztasuna da edizioaren ezaugarririk nagusiena, izan ere, arte-diziplina eta teknika ugaritako lanak jaso dira: pintura, eskultura, argazkigintza, serigrafia, bideoa eta teknika mistoak, besteak beste.
Erakusketa San Pedron izango da ikusgai 2026ko urtarrilaren 18ra arte. Jarraian, otsailaren 7tik 23ra Hendaian; eta martxoaren 28tik apirilaren 12ra Arguedasen.







