Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/04

65 urtetik gorako pasaitarren beharrizanen diagnostikoa jendaurrean da

Emaitza nabarmenena Adinekoen Kontseilua eratzea izango da

Pasaiako Udalak udalerriko pertsona nagusien beharrizanen diagnostikoa aurkeztu zuen azaroaren 3an, 18:30ean, Trintxerpeko alkateordetzan. Diagnostiko hori urrats erabakigarria izan da Pasaian bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen errealitatea, beharrak eta interesak ezagutzeko, eta pertsona nagusientzako ingurune inklusiboago, irisgarriago eta parte-hartzaileago bat eraikitzeko.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Teo Alberro alkateak, Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziak eta diagnostikoa egin duen Bizipoz kooperatibako Eider Etxebarria eta Beatriz Santamaria kideek.

Diagnostikoaren helburu nagusiak izan dira 65 urtetik gorako pertsonen bizi-baldintzen azterketa sakona egitea, eskura dituzten baliabideak haien beharretara egokitzen diren ebaluatzea, eta haien eskaera edo behar espezifikoak ezagutzea. Prozesua 2024ko udaberrian abiatu zuen udalak, eta ordutik aurrera lau barrutietan talde fokalak nahiz bilera irekiak egin dira.

Informazioa biltzeko, beharrak identifikatzeko eta diagnostikoa osatzeko, bigarren mailako iturrien azterketa egin da, udaleko talde tekniko eta politikoekin bilerak egin dira, eta bost talde fokaletan lanketa egin da. Guztira 85 pasaitarrek baino gehiagok parte hartu dute, euren iritziak eta proposamenak partekatuz. Partaidetzako lanak etorkizuneko udal-ekintza eta planak bideratzeko oinarriak ezarriko ditu.

Ondorioak eta Adinekoen Kontseilua

Diagnostiko horretatik ateratako ondorio eta hobekuntza-proposamenek gidatuko dituzte etorkizuneko ekintzak, ikuspegi integralean: zerbitzuak indartu, irisgarritasuna hobetu eta zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko.

Azterketa sakon horrek 44 hobekuntza-proposamen zehatz identifikatu ditu, udalerriko lau barrutietan banatuta, eta horiek aukera emango dute politika eta programa eraginkorragoak garatzeko, pertsona nagusien autonomia, parte-hartzea eta ongizatea sustatzeko bizitzako arlo guztietan.

Lan-lerroen artean, erabaki nagusienetako bat izango da Adinekoen Kontseilua izeneko kontsulta-organoa eratzea. Diagnostikotik ateratako 44 hobekuntza-proposamenek markatuko dute organo horren hasierako jarduna, eta bertan hartuko dira erabakiak 2026ko urtarriletik aurrera. Herritarrez gain, mahai horretan eseriko dira Bizipozeko dinamizatzaileak, udaleko alderdi teknikoa eta udal gobernua ere. Izena eman nahi duenak mezua bidal dezake gizartekintza@pasaia.net helbidera, edota telefonoz deitu 943 34 40 34 (luzapena 910) zenbakira.

Honakoa adierazi du Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotzi arduradunak: “Ez gara teoriaz ari, eguneroko bizitza eralda dezaketen proposamen zehatzez ari gara: espazio publikoak hobetzea, nahi ez den bakardadea laguntzea, belaunaldien arteko boluntariotza sustatzea, eta hurbileko zerbitzu irisgarriak bermatzea”.

Diagnostikoak zortzi eremu nagusi aztertu ditu: pertsona nagusiekiko pertzepzioa; gizarte- eta osasun-zerbitzuak; kultura, hezkuntza, aisia eta kirol eskaintza;  belaunaldien arteko harremanak; nahi ez den bakardadea; jubilatuen elkarteen erronkak; gizarte-eragileen erronkak; eta hobetu beharreko eremuak (aire zabaleko espazioak, eraikinak, garraioa eta etxebizitza).

“Hau lan kolektibo baten emaitza da, non dozenaka pertsonak parte hartu duten, modu batera edo bestera, helburu berarekin: Pasaiako 65 urtetik gorako pertsonen errealitatea islatuko duen dokumentu bat eraikitzea, horrek aukera eman diezagun errealitate horietara ahalik eta ondoen egokituko diren erabakiak hartzeko”, mintzatu da Taberna.

Pasaian 16.649 biztanle bizi dira, eta horietatik 3.660 (% 20,18) dira 65 urtetik gorakoak. Hala mintzatu da alkatea aurkezpenean: “65 urtetik gorako bizilagunen errealitateei buruzko datuak emateaz harago, konpromisoak hartuko ditugu ikerlan honi esker. Adineko pertsonei buruzko politika inklusiboak egitea ez delako soilik justizia sozialaren auzia; herria guztiontzat bizigarriagoa bihurtzeko bidean aurrera egitea da”. Datu demografikoek erakusten dute udalerria adindua dagoela, eta beharrezkoa dela errealitate horri egokitutako ekintzak garatzea.

“Izan ere”, jarraitu du Alberrok, “adinekoentzako politika inklusiboez hitz egitea Pasaia gizatiarragoaz, kohesionatuagoaz, berdinzaleagoaz hitz egitea da. Kontua ez da goitik zaintzea, baizik eta berdintasuna eta elkarrekiko errespetua oinarri hartuta komunitatea eraikitzea”.

Alkateak eskerrak eman dizkie diagnostikoan parte hartu duten bizilagunei: “Herritarren eta elkarteen ekarpena, zuen iritzi eta proposamenak, funtsezkoak izan baitira diagnostiko hau osatzeko. Urrats honekin, Pasaiak konpromisoa hartzen du pertsona nagusien autonomia, parte-hartzea eta ongizatea indartzeko politika eta programak martxan jartzeko”.

DIAGNOSTIKOA IRAKURRI

 

65+ diagnostikoa Pasaian