Web edukia bistaratu

"Villaviciosa" Jauregia

Pietatearen ondoan jauregi bat dago, Villaviciosatarrena. Villaviciosatarrak oso pertsonaia nabarmenak izan ziren toki honetan eta goratuak izan ziren neurrian, distira eman zioten tokiari, beren marinel ekintza eta bestelako ekintza gogoangarrien bidez. Eraikinak oinplano angeluzuzena du. Gorputzak kalearen lerrokadurari jarraitzen dio; beste aldea, berriz, atzeratua dago. Bertan, harrizko eskailera zabala dago eta lehenengo solairura iristeko erabiltzen da. Fatxada nagusia herriko kale zaharrari begira dago; atzeko fatxadak, berriz, mendira ematen du. Ezkerreko fatxadatik beste sarbide bat dago eta zuzenean bigarren solairuraino irits daiteke.

XVI. mendeko etxe errenazentista ederra da. Silarrizko hormak ditu eta ondo landuak daude. Leihoen irtenak ageri diren tokian, moldura bat dago eta solairu bakoitzean fatxada guztiak inguratzen ditu. Moldura erlaitzean errepikatzen da. Hutsune guztien inguruan, moldura fin ederrak ageri dira. Beheko solairuan bi ate eta leihoa daude. Lehenengo solairuan bi leiho zabal ikus daitezke eta erdian, leiho txiki bat. Fatxada atzeratuan sarbidea erdi-puntuko arkuko ateak osatzen du eta, gainera, ateburua dago. Hori guztia osatzeko leiho txikia ikus daiteke. Azkeneko solairuan hiru leiho daude eta beste bi fatxada atzeratzen den tokian.

Lezoko Lope Isasti historialariak emandako berriei erreparatuz gero, Villaviciosa familia bertan gelditu zen bizitzen gutxi gorabehera VIII. mendean. Garai hartan Fortunio de Villaviciosa Alfonso I.aren armadako kapitaina zen. Fortunioren semeak bertan gelditu ziren defendatzeko. Harrezkero, erro hartatik zetozen gizaki askorentzat guda-, merkataritza- eta kortsario-nabigazioa beren ogibide sutsua izan zen. Horren lekuko dira, besteak beste, Domingo Villaviciosa almirantea (1587), Flandeseko uretan hil zena; Juantxo Villaviciosa (1590), Miguel de Oquendo buru zuela, Kantabriako eskuadrako almirantea; edo Juanot de Villaviciosa, Floridan borrokatu zuen armadako jenerala, Oraneko eta Ceutako gudetan parte hartu zuena. Horiek guztiek izen handia eman zioten herriari. Halaber, aipa dezagun Juan de Villaviciosa. Itsasontziak eraikitzen zituen eta almirantea zen. Azoreetako gatazkan hil zen. Miguel kapitain nagusiak Lojan (Granada) mairuen kontra egindako gudan, zutoihala lapurtu zien 1486an. Horregatik, Urrezko zutoihala izena jarri zaio. Villaviciosatar bat itsasoan ibili zen kortsario modura. Halaber, elizako kideak ere izan ziren.

Eraikin eder honen fatxada nagusian, Lafayette markesa Amerikako independentzia gudara 1777an irten zela oroitzeko plaka bat dago.