Web edukia bistaratu

Udaletxe Zaharra

1770. urteko errege-akordioaren ondoren, Pasaiak bere udala izan zuen eskubide osoz. Horrek oraindik indarrean dirau. Hala, Hondarribiak izandako administrazio-agintaritza alde batera utzi zuen eta, era berean, "Hondarribiaren aldekoa" edo "Frantziaren aldekoa" izateari utzi zion. Mende askotan izen hori izan arren, Pasaiako herria izatera pasa zen.

Geroago, 1805eko ekainaren 1ean, Pasai San Pedro Pasai Donibanerekin elkartu zen, eta gauza bera egin zuen Antxok XX. mendearen hasieran. Horrela, hiru Pasaiek, Trintxerperekin batera, udal bakarra eratu zuten eta egun lau barruti ditu. Administrazioa eta burua Pasai Donibanen daude.

Pasai Donibanen Santiago itsas plazako etxeen lerrokaduraren erdian udalaren egoitza edo eraikina dago. 1735ekoa da eta estilo barrokokoa. Horma bitartekoa da, oinplano angeluzuzena du eta estalkiak bi isurialde ditu. Teilatu-gailurra fatxadarekiko paraleloa da. Eraikin-mota honek ez dio oso-osorik euskal udaletxeen estiloari jarraitzen, arku handiak baitituzte hauek.

José de Lizardi eta Juan Bautista de Inchaurrandiaga lankidetzan aritu ziren Pasai Donibaneko udaletxe berria eraikitzeko hargintza tasatzeko orduan. Halaber, trazadura Jose de Lizardirena da. Ez dago argi oinplano berriko eraikuntza ala berreraikuntza den. Ez da eraikin exentua; plazara begira dauden bi etxeen artean dago. Fatxada triangelu estu eta altua da, eta lau solairu ditu. Silarrizko aparailua du eta, horrek, inguratzen duten etxeetatik nabarmentzen du. Hauxe da udaletxearen berezitasuna: leiho eta balkoi zabalak ditu (hirugarren solairukoak eraikinaren zabalera guztia hartzen du), Lizardik diseinatutakoekin kontrajarriaz.

Fatxada silarrizkoa da. Beheko solairuan, atea du erdian, eta bi leiho hesitu alboetan. Solairuartea du eta hutsuneek proportzio bitxiak dituzte. Oin nagusian balkoi luze tipikoa ikus daiteke. Barandak burdin forjatuzkoak dira eta harrizko mentsulek eusten diete. Azkeneko oinean herriko armarria dago, eta bi aldeetan, balkoi irtenak.