Web edukia bistaratu

Sarrera

Udala da Pasaiako herritarrak ordezkatzen dituen erakundea; hori dela eta berari dagokio etorkizunari lotutako erabaki estrategikoak hartzea eta baita ere, Pasaian beharrezkoak diren eraldaketa-prozesuak lideratzea. Alkatetzak badaki Udalaren ardura dela Pasaiako herritarrek etorkizuneko proiektu eta estrategiei buruz informazioa jaso, gaia aztertu, eztabaidatu, proposamenak egin eta erabakiak hartzeko formulak martxan jartzea.

Gure herria eraikitzeko erabaki-gunea Pasaian dago; hori dela eta, gure ustez, Pasaian bizi garen herritar guztien artean landu behar ditugu etorkizuneko proiektuak arrazoi garbi batengatik: zuzenean dagozkigun gaiei buruz erabakitzeko gaitasuna dugulako. Eta hau da gure herriaren etorkizuna herritarrekin elkarlanean arituz eraikitzeko dugun konpromiso irmoenaren oinarria.

Pasaiako Udalak pasaitarren parte hartzea sustatu eta bideratzeko helburua eta konpromisoa dauka. Herritarren parte hartzea bi norabidetan bideratzeko asmo sendoa: herriaren etorkizunerako giltzarri diren gaietan eta Udalaren gestioan, azkenean herritarrek kudeaketa hori berea egin dezaten. Horregatik sortu genuen Demokrazia Parte-hartzailearen Saila, honako helburu hauek lortzeko:

  • Eztabaidaren kultura eta erabakiak elkarrekin hartzekoa sustatzeko ekintzak garatzea.
  • Komunikazio-plan eraginkor bat martxan jartzea, herritarrei herriarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko beharrezkoa duten informazioa helarazteko.
  • Udal gestioa herritarrengana hurbiltzeko eta poliki-poliki bere egiteko estrategiak eta ekintzak garatzea.

Azken buruan, arriskudun inbertsioa baina gure etorkizunaren eraikuntzan sekulako garrantzia eta munta duena.
Planteamendu hori aintzat hartuta, Pasaiako Udalak La Herrerako etorkizuneko ordenazioari buruz hausnarketa egiteko herritarren parte hartzea lortzeko prozesua martxan jarri nahi du.

Prozesu hori bideratzeko tekniko-metodologikoki egin beharrekoak azaltzen dira proposamen honetan.