Web edukia bistaratu

"Santiago" Plaza

Badiako uren ertzean kokaturiko aulki bizkardunean eseriz gero, multzoari orokorrean begiratu ahal izango diogu. Itsas plaza tipikoa da, oinplano angeluzuzena du eta alde luze bat itsasora irekita dago.

Plaza itsasoaren aurrean dago eta plazaren atzean, etxe estuen lerro luzea. Erdian, berriz, udaletxea. Plazaren bi aldeak eta kalea bera etxeetako fatxadek mugatzen dituzte. Bat silarrizkoa da eta pilotaleku modura erabiltzen da. Besteak leiho txikiak ditu.

Plazaren fatxada nagusia itsas eta herri-arkitekturako etxeek osatzen dute. Etxeek hiru, lau eta bost solairu izan ditzakete eta fatxada guztia betetzen duten balkoi luzeak. Normalean barandak egurrezkoak izaten dira eta, arotzeria guztiaren antzera, hainbat  koloretakoak. Ezaugarririk nabarmenena etxebizitza-moten aniztasuna da. Etxe horietako atal bakarreko eskailera aldapatsua mendiraino iristen da. Atzealdetik, lehenengo hiru solairuak ia mendian sartuta daude. Bestalde, beste ezaugarri berezi bat estalkien forma da. Bi isurialde dituzte estalkiek, eta teilatu-gailurra fatxadarekiko elkarzut ageri da, ohikoena aurkakoa den arren. Plaza hori kale zaharrean zehar ibili ondoren aurkituko dugun zabalgune bakarra da.

Kolorez betetako toki pintoreskoa da eta guztiak estilo herritarra du. Eguzkiaren izpiak iristen direnean, plazak katilu distiratsua bailitzan hartzen ditu, itzalik gabe eta argiz beteta. Gauez, itsas espirituak plaza honen gainean lo egiten du. San Joan eta Santiagoko festak iristen direnean, zalapartak, oihuak, musikak eta dantzari gazteek alaitasunez betetzen dute plaza, eta leiho eta balkoietan oihartzun egin ostean poztasuna itsasoan zehar zabaltzen da.