Web edukia bistaratu

"Santa Ana" Baseliza

Santa Ana ermita Pasai Donibanen dago. Kokapenari erreparatuz -muino batean dago- porturako eta badiarako sarrerak zaintzen ditu. Jatorriari buruz datu askorik ez izan arren, badakigu 1758. urtean eraiki zela.

Eraikin erlijioso xumea da. Oinplano angeluzuzena du eta nabe bakarra; atzealdean eta goian, berriz, koroa. Gipuzkoako eliza askoren ereduari jarraitzen dio. Sakristia pieza txikia da eta oinplanoari erantsia dago buruaren ezkerraldean. Sarrera nagusia koroaren azpian dago eta erdi-puntuko arkuak eratzen du. Beste sarbidea hegoaldeko fatxadaren erdian dago. Fatxada horrek argiztatzen du eliza, hiru leiho angeluzuzenen bidez.

Erretaularen erdian, Santa Ana eta ama birjinaren irudia dago. Erretaula aparta da, gauzatu zen moduagatik, antzinatasunagatik eta polikromiagatik. Irudia Flandesen erosi zen 1573an eta itsasoz ekarri zuten Pasaiaraino.

Eraikinak eskema bakuna du eta azalerak soilak dira. Kontserbazio-egoera onargarria da. Mendian dago, terraza zabal baten gainean jarrita, eta horrek berezitasuna ematen dio. Bertatik, portuko eta itsasoko mugimendu guztiak ikus daitezke.

Gaur egun, ubidearen ahoan itsasontziak lerrokatzeko ermitaren dorretxoa erabiltzen dute praktikoek, pilotuek eta marinelek. Urtero, Santa Ana egunean, uztailaren 26an, ermitan meza nagusia entzun ostean, salda banatzen zaie bertaratutakoei.

Elizaren atzeko aldean, duela denbora gutxi Santa Anako erromesen aterpetxea zabaldu da.