Web edukia bistaratu

Donibane

Pasai Donibaneko hirigunean kale bakar baina ederra zeharkatuko dugu. Hirigune historikoan zehar, pasabideak daude etxeen azpialdeetan, baita txoko ezkutuak ere. Laburbilduz, zoratu egingo gara kaleetan zehar murgilduz gero. Kale hori badiaren eta mendiaren artean hedatzen da eta eraikuntza-lerro bakar batentzako tokia dago. Bestalde, bertako etxe batzuek ondare-balio handia dute.

Gaur egun Pasai Donibanen ezagutzen dugun kale bakarra ez zen XVIII. mendera arte egin. Garai hartan Carpin (Txulotxo) eta Muñoz (Camara) etxeen arkuak ireki ziren. Ordura arte, kalea zeharkatu nahi izanez gero, Santa Ana ermitara joateko eskailerak igo behar ziren. Itsasoaren eta mendi-mazelaren arteko ibilbidea oso iradokitzailea da, indar handikoa, ez baita ohiko kale soila. Kalean gora-behera, eraikin ederrak topatuko ditugu: etxeek beste mende batzuetako distiraz hitz egiten digute, beste garai batzuetako egiten jakite egokiaz.

 

 

 

 

 

Bizkaia auzotik hasi eta atzean utziko ditugu Platain etxea eta tximinia. Azkenekoa, Portzelanen Erret Fabrika izeneko lantegiaren aztarna da. Aurrera eginez gero, berriz, Arizabalo jauregia eta San Joan Bataiatzailearen parrokia-eliza topatuko ditugu.

Aurrera jo, lau arku edo pasabideetatik lehenengoa zeharkatu eta Ontziola tradizionalean gelditzeko aukera izango dugu. Bigarren arkua zeharkatu ostean, Miranda etxea izango dugu aurrean. Errenazimentuko fatxada ederra (XVI. mendekoa) du eta beheko solairuan bi armarri ikus daitezke. Gaur egun, zahar-etxea da. Etxearen eskuin atetik Victor Hugoren etxea izeneko tokira iritsiko gara (egun, turismo-bulegoa). Frantziako erromantizismoaren izen handiko ordezkari horrek egun batzuk eman zituen toki liluragarri horretan. Hirugarren arkuan, berriz, Kristo Gurutziltzatuaren irudia aurkituko dugu eta, ondoren, Pietatea.

 

Pietatearen ondoan, Villaviciosa jauregia dago. Plaza horretatik txalupa bat ateratzen da eta bi Pasaiak itsasoz elkartzen ditu. Oso zerbitzu zaharra da hori eta erosoena izateagatik, erabiliena. Era berean, plaza hori Santa Ana ermitara igotzeko abiapuntua da. Horretarako, eskaileretan gora egin beharko dugu. Ermitatik, badia guztiaren panoramika ederraz gozatzeko aukera izango dugu.

Pixka bat aurrerago joanda, Donibaneko zabalgune bakarrera iritsiko gara. Santiago plazari buruz ari gara: alde batean itsasoa du; itsas etxe politak eta koloretsuak (altuak eta estuak) bestean. Erdian udaletxe zaharra dago. Plaza honetan denborapasa egotea bera oso esperientzia atsegina da.

Itsasorantz jarraituz, bat-batean Bonantzako Kristoren basilikarekin topo egingo dugu. Azkenik, badia itsaso bilakatzen den tokitik hurbil, Santa Isabel gazteluaren hondarrak ikusiko ditugu.