Web edukia bistaratu

Zure Hiritzia Ezagutu Nahi Dugu

Ainara Zabala

Zergatik hartu duzu parte, edo animatu zara bileretan parte hartzera?
Lankide batek aipatu zidan Pasaian plan estrategikoaren inguruan bilerak izango zirela, eta gomendagarria zela alor ugaritako jendea agertzea gure ikuspuntu eta iritziak ematera, kultura, kirolak, irakaskuntza... Donibanekoa, eta hemengo langile izanda, animatu egin nintzen.

Zer azpimarratuko zenuke gaia lantzeko prozesuari edo moduari buruz?
Gaia lantzeko prozesuan erabilitako jarduerak egokiak eta erakargarriak iruditu zaizkit. Gainerakoan, elkarrizketa giroan ere eroso sentitu naiz.

Unai Alduntzin

Garrantzitsua iruditzen al zaizu horrelako plan batean herritarrek parte hartzeko aukera izatea?
Ezinbestekoa da herriaren partaidetza. Erabakitzen den ororen inguruan herriak du beti hitza, beraz, euskararen gaia bada ardatza, ezinbestekoa da herriari hitza ematea, eta haien kezkak entzutea, izan ere, euskara sustatu eta mantenduko dutenak euskal herritarrak izango dira.

Beharrezkoa al da euskararen plan estrategikoa?
Bai, oso beharrezkoa da aurrera eramaten ari garen lanketa hau. Ondorioak atera behar ditugu, benetako beharrak aztertu, gure eskuetan dagoen guztia konpondu. Horrelako ekimenak beharrezkoak dira gure hizkuntza aurrera atera dadin, baina batez ere, guk, herritarrok, itxaropena ez galtzeko. Euskararen aldeko borroka amaigabea dela argi edukitzeko.

Ane Olkotz

Zergatik hartu duzu parte, edo animatu zara bileretan parte hartzera?
Pasaian euskararen egoera ikusita, plan estrategiko bat egitea garrantzi handiko kontua delako. Euskararen aldeko gauza txiki asko egiten ditugu Pasaian, baina ekintza horiek guztiak zentzu eta estrategia berean artikulatuko dituen plan orokor bat beharrezkoa dugulako. Horra, bada, zerk bultzatu duen euskaltegia bileretan parte hartzera.

Zer azpimarratuko zenuke gaia lantzeko prozesuri edo moduari buruz?
Euskararen normalizazio sozialak ezinbestekoa du gizarte-sektore guztien inplikazioa. Alde horretatik, Pasaiako plan estrategikoak egoki betetzen du baldintza hori, aldez edo moldez euskalgintzarekin loturik dauden sektore nagusiak bertan baitaude. Gure ustez, beraz, ezaugarri horixe da planaren egokitasuna gehien bermatzen duen aldagaia.

Patxi Azparren (Txirrita euskaltegiko arduraduna)

Garrantzitsua iruditzen al zaizu horrelako plan batean herritarrek parte hartzeko aukera izatea?
Edozein arlotan herritarrok parte hartzea garrantzitsua da. Erakundeek eta herritarrek batera lan egin behar dute, eta hausnarketak zein erabakitzeko prozesuak ahal bezain gardenak eta parte-hartzaileak izan behar dute. Euskararen arloan hau garrantzitsuagoa da, hizkuntza gizakiarentzat funtsezko ezaugarria delako eta jendartearen kohesiorako hizkuntza-gatazkarik ez egotea lortu behar dugulako.
 
Herritarron nahiak eta sentsazio sakonak ezagutu behar dira, aldekoak eta kontrakoak, zalantzak eta proposamenak. Horiek guztiak lehenengo eskutik ezagutzeko Pasaiako Udalak bideratu duen plana emankorra izango delakoan nago.

Beharrezkoa al da euskararen plan estrategikoa?
Dudarik gabe, aldaketa soziolinguistikoak epe ertainean eta luzean gertatzen diren fenomenoak dira. Faktore anitz dago aztertzeko, anitz eta aldakorrak. Izan ere, fenomeno horien aldaketen abiadura bizkortu egin da. Faktore, jendarte, sektore, adin tarte eta egoera guztietan ematen ari den kasuistika ezagutzeko, erakundeak herritarrekin harremanetan jarri behar dira.
Epe laburreko, ertaineko eta luzeko proposamenak eta egitasmoak abian jarri behar dira, plan estrategikoetatik beharrezkoa den informazioa eskuratzeko tresnak dira. Informazioa pilatu, aztertu eta gero, egitasmo zehatzak plazaratzeko garaia iritsiko da, eta plana egiteko aurkitu diren kontaktuek eta pertsonek egitasmo horiek gauzatzeko partaideak bihurtu ahal izango dira.

Amaia Muguruza

Zergatik hartu duzu parte edo animatu zara bileretara?
Bileran parte hartzeko erabakia, hasiera batean, atarian ikusitako kartel batengatik izan zen. Euskararen etorkizuna gai garrantzitsua da niretzat, eta herrian eztabaidatzeko aukera egotea oso erakargarria egin zitzaidan. Dena dela, gonbidapena ere iritsi zitzaigun “Txorimaloak” aisialdi taldeko kide bezala, eta arratsalde horretan, aukera genuenak agertu ginen. Oso garrantzitsua iruditu zitzaigun herriak euskararekiko duen ikuspuntua jakitea, izan ere, guk, gure taldearen bitartez euskararen aldeko lanketa egin nahi genuen, eta herriko beharrak zein diren jakinda, puntu ahulenak landu genitzake.

Zer azpimarratuko zenuke gaia lantzeko prozesutik edo modutik?
Oso interesgarria egin zitzaigun bilera. Giro beroa sortu zen berehala, atsegina, eta lotsarik gabe hitz egiteko aukera. Arazoa modu praktikoan planteatu zen, zenbait arlotan zentratu ginen, eta horrek ikuspuntu desberdinak ekarri zituen. Ekarpen guztiak oso positibotzat jo genituen eta oso interesgarritzat. Bereziki, azpimarratu zenean umeek   euskara mantentzeko dagoen behar handia, adi-adi entzun genuen guztiok.

Itziar Elorza (San Pedro, 28 urte)

Zergatik hartu duzu parte edo animatu zara bileretara?
Hizkuntzaren kontuak kezkatzen nau, batez ere Pasaiako egoera zein den ikusita. Eta ez orain guk bizi dugun egoerak bakarrik, gure ondorengoen egoerak ere asko kezkatzen nau. Horregatik parte hartu dut bileretan. Premiazkoa iruditzen zait Pasaian gai hau lantzea. Asko ez bagara ere, lan handia dugu egiteko eta bileretan parte hartzea lehen pauso bat izan daitekeela uste dut. Hizkuntzaren inguruko arazo bat dugula jabetu behar dugu herritarrok, eta gu geu garela arazo honi irtenbidea emango dion motorra garbi izan behar dugu; gu eta gure hizkuntza ohiturek baldintzatuko dute hizkuntza egoeraren aldaketa.

Zer azpimarratuko zenuke gaia lantzeko prozesutik edo modutik?
Gaia lantzeko oso sistema egokia aukeratu duzuela iruditzen zait. Prozesu parte-hartzailea izanik, herritarrok zuzenean gure sentipenak adierazteko aukera dugu. Gu entzutea eta gure iritziak aintzat hartzea oso garrantzitsua da.
Euskararekin izandako bizipenak azaleratzeak ere asko laguntzen du norberaren sentipenak azaleratzeko.
Taldetxotan lan egiteak beste pertsonei entzuteko aukera eman dit: gazteei, gurasoei, helduei... Horren bitartez, hizkuntzaren alorrean dauden ikuspegi desberdinak ezagutzeko aukera izan dut.
Orokorrean oso gustura aritu naiz bileretan.

Imanol Zubizarreta (Antxo, 28 urte)

Zergatik hartu duzu parte edo animatu zara bileretara?
Euskararen erabilpen eskasa dela-eta kezka dudalako.

Zer azpimarratuko zenuke gaia lantzeko prozesutik edo modutik?
Ekarpenak egin eta entzuteko aukera eskaintzen dela modu dinamiko eta aberasgarri batean.

 

Dala Beld (Donibane, 59 urte)

Zergatik hartu duzu parte edo animatu zara bileretara?
Luzaroan euskara gutxitan erabiltzen nuen. Horregatik, neure buruarekin ez nengoen gustura. Onartzen dut, euskara ez badut erabiltzen, nire errua dela eta ez beste inorena, familian eta lagunen artean euskaldunak ditut eta! Edonola ere, pasaiatar askok euskara ez dakite eta ez dute euskaldunik bere inguruan. Adibidez, batzuk atzerritarrak dira —ni bezala— eta gaur egungo euskara ikasteko metodoa ez da egokiena haien beharrak betetzeko. Pentsatu nuen planaren bileretan halako arazoak azaltzeko eta ezagutarazteko aukerak izango nituela. Orain espero dut irtenbideak ikustea.

Zer azpimarratuko zenuke gaia lantzeko prozesutik edo modutik?
Oso egokia izan da elkartzea kezka berdina dugun jendearekin. Kezka hau da: euskara nola zabaldu Pasaian. Nahiz eta parte-hartzaileek iritzi desberdinak eduki, prozesuak eskaini digu elkartzeko aukera. Ea euskarari laguntzeko bide berriak aurkitzen ditugun
Taldetxotan lan egiteak beste pertsonei entzuteko aukera eman dit: gazteei, gurasoei, helduei... Horren bitartez, hizkuntzaren alorrean dauden ikuspegi desberdinak ezagutzeko aukera izan dut.
Orokorrean oso gustura aritu naiz bileretan.