Web edukia bistaratu

AURREKONTU PARTE-HARTZAILEAK

Pasaiako Udalak  udal-aurrekontuko inbertsioen ataleko 400.000€ jarri ditu herritarrek proposatu, eztabaidatu eta zertan inbertitu erabaki dezaten. Erabakiak maiatza eta urria bitartean garatuko den partaidetza prozesuaren bidez hartuko dira.

PROZESUAREN EZAUGARRI NAGUSIAK

  • Udal aurrekontuaren inbertsioen ataleko 400.000€rekin zer egin erabakiko da. Kopuru hori bi urte segidan txertatuko da aurrekontuetan. 2018ko aurrekontuan 200.000€ jasoko dira, eta gainerakoa, beste finantza bide batzuetatik edota 2019ko udal aurrekontutik bideratuko da.
  • 400.000€ horietatik ez dago barruti bakoitzerako gutxieneko bat izendatua. 
  • Proposamen bakoitzaren muga 100.000€koa izango da, hau da, proposamen bakoitzak ezingo du aurrekontu hori gainditu. Aurrekontu muga hau gainditzen duten proposamenak garatzeko Udalak konpromisoa hartuko du beste finantzabide batzuk bilatzen saiatzeko.
  • Prozesu  honetan, Udal eskumenekoak diren proposamenak landuko ditugu bakarrik, bestelako administrazioen eskumenekoak diren proposamenak prozesu honetatik kanpo geratuko dira (ezingo dira 400.000€ horiekin garatu), baina Udalak jaso bai jasoko ditu eta dagokionari dagokiona jakinaraziko die.
  • Konpromiso politikoa: Aurrekontu parte hartzaileek Udala osatzen duten alderdi politiko guztien babesa dute.

Web edukia bistaratu

FASEAK

proposatu

Maiatzaren 29tik ekainaren 19ra

PROPOSAMENAK EGIN

Herritarrak gara herria hobekien ezagutzen dugunak, eta gure egunerokoan ikusten eta sumatzen ditugun behar horiek, denon artean, proposamen bihurtuko ditugu

Nola egin nire proposamena?

  • Bilera irekietan parte hartuz:
    • Donibane: ekainaren 8an, 18:00etan, Udaletxean.
    • Antxo: ekainaren 13an 18:00etan, Lizeo ikastolan.
    • San Pedro: ekainaren 15ean 18:00etan, Udal Aretoan.
    • Trintxerpe: ekainaren 19an, 18:00etan, Alkateordetzan.
  • Internet bidez, FORMULARIO honetan.
  • Etxean jasoko duzun eskuorria bete, eta Herritarren Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegoetan, udaletxean, alkateordetzetan, kiroldegietan, kultur aretoetan eta gaztelekuetan dauden postontzietan bota.

Proposamenak egiteko baldintzak

  • Pasaia hobetzeko proposamena edonork egin dezake, ez dago adin mugarik ezta bestelako inolako baldintzarik ere.
  • Pertsona bakoitzak nahi beste proposamen egin ditzake.
  • Norbanako gisa edota elkarte baten izenean egin daitezke proposamenak, guztiek balio bera dutela azpimarratuz.
  • Proposamena egiterakoan, proposamenaz gain, arrazoi edo zergatia azaldu beharko dugu, proposamena egoki ulertze aldera.
  • Proposamenak Udalaren eskumenekoa izan behar du eta inbertsioekin zerikusia duena. Hala ere, zure proposamenak aipatutako baldintzak betetzen ote dituen ziur ez bazaude, egin ezazu proposamena eta ondoren azalduko dizugu udalaren eskumena ote den edo ez..

baloratu

Ekainaren 20tik irailaren 18ra

BALORAZIOA

Udalak proposamen batzuk prozesutik kanpo utziko ditu.

Zein irizpide jarraituko dira?

Udalak prozesu honetatik kanpo utziko ditu:
  • Udalaren eskumenekoak ez diren proposamenak (Foru Aldundiarenak, Adif-enak, etab.)
  • Jada aurreikusiak daudenak
  • 100.000€ak gainditzen dituztenak.
  • Inbertsioak ez direnak.

Zer gertatuko da kanpoan geratzen direnekin?

Udalaren eskumenak ez direnentzat edota aurrekontua gainditzen duten horientzat Udala finantzaketa bilatzen saiatuko da. Lehen balorazioa egindakoan, gainerako proposamen guztiak udal teknikarien esku utziko dira, eta proposamenen balorazio teknikoa egingo dute, irizpide hauen arabera:
  • Bideragarritasun teknikoa
  • Proposamenaren aurrekontua
  • Proposamena garatzeko behar den denbora edo epea

Irailaren amaieran, proposamenen balorazio guztiak biltzen dituen dokumentua sortuko da eta pasaitar guztiek ikusi ahal izango dituzte proposamen guztien balorazioak.

lehenetsi

Irailaren 18tik urriaren 8ra

PROPOSAMENAK LEHENETSI

Jasotako proposamen guztien artean, zein dira garrantzizkoenak? Urgenteenak? Herritar gehienen ongizatea bultzatuko dutenak? Zein proposamenek erantzuten diote Pasaiaren eta pasaitarren ongizate komunari?

Saio irekiak izango dira

Galdera hauei erantzunez, herritarrekin lan saio irekiak antolatuko dira urriaren lehen astean zehar barruti bakoitzean jaso diren proposamenak lehenesteko helburuarekin.Herritarrak eurak izango dira proposamenak lehenetsiko dituztenak.
Lan fase honen amaieran, 40 bat proposamenekin geratuko gara azken fasera pasatzeko.

bozkatu

Urriaren 9tik azaroaren 1era

BOZKATU

Herritar bakoitzak 2018ko aurrekontuan txertatzeko proposamenak aukeratu eta bozkatu beharko ditu

Nola egingo da bozketa?

  • Bozketara iritsi diren proposamenen inguruko informazioa aurkituko duzu:
    • Barruti bakoitzean egingo den aurkezpenean
    • Pasaiako udalaren webgunean
  • Bozkatzeko zenbait bide eta zenbait aukera egongo dira eskura:
    • Saio irekietan. Aurkezpena egin ostean, bileran bertan bozkatzeko aukera izango dugu.
    • Etxeetan jasoko dugun eskuorria bete eta postontzietan bota.
    • Internet bidez Pasaiako Udalaren web orrialdean
  • Zein baldintza bete behar ditut bozkatu ahal izateko?
    • Pasaian erroldatua egon
    • 16 urte edo gehiago izan
    • Proposamen guztien artean 10 aukeratu
    • Pertsona bakoitzak behin bakarrik bozka dezake
  • Proposamenak bozkatzeko epea amaitutakoan, Pasaiako Udalak zenbaketa egingo du, eta bost eguneko epean prozesuaren emaitzak publiko egingo ditu prentsaurreko bidez, eta sareen bidez zabalduko du.

Web edukia bistaratu


Zer da inbertsio bat?

Ekipamenduetan, urbanizazioetan, auzoetan, eraikinetan, lurren erosketan… egindakoak dira inbertsioak. Adibidez: auzoetako urbanizazioak berritzea, eraikin bateko teilatua konpontzea, lurrak erostea, bidegorriak egitea, liburuak erostea, musika eskolarako materiala erostea, ondarea berreskuratzeko inbertsio bat egitea, aparkalekuak egitea,…

400.000€ Pasaiako udal aurrekontutik, zenbat da proportzioan?
Aurrekontuaren atal handia al da?

2016ko Udal Aurrekontuan 711.000€ izan zituen Udalak inbertsioak egiteko (Aurrekontuaren 6. Kapituluan jasotzen dira inbertsio hauek). 2017ko aurrekontuan, berriz, 924.500€ izango ditu. 
Adibide gisa bi urte hauek hartuko ditugu, ez baitakigu 2018 eta 2019 urteetako inbertsio gaitasuna zein izango den.
Bi urte hauek batuta 1.635.500€ izango lirateke inbertsioetarako, eta prozesu honetan kopuru horretatik 400.000€ erabakigai ditugu. Beste era batean azalduta, Udalak duen inbertsio gaitasunaren %24a herritarren erabakiaren esku egongo da.  

Zein dira Udalaren eskumenekoak eta zein ez?

2/2016 legeak, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak udalerrien eskumenak zehazten ditu, besteak beste, honako zerrenda honen arabera:
1) Babes zibila, emergentziak, eta suteen prebentzioa eta itzaltzea antolatzea eta kudeatzea.
2) Espazio publikoetan bizikidetza-harremanak antolatzea eta kudeatzea.
3) Titulartasun publikoko zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura eta instalazioen erabilera antolatzea eta kudeatzea.
4) Udaltzaingoa, trafikoa, bide-segurtasuna eta ibilgailuen aparkalekuak antolatzea eta kudeatzea, eta herritarren segurtasunean laguntzea.
5) Espazio publikoetan eta konkurrentzia publikoko leku eta establezimenduetan antolatutako ekintzetako segurtasuna antolatzea eta kudeatzea.
6) Konpainiako animalien eta arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloa antolatzea eta kudeatzea.
7) Etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa.
8) Ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria modu osagarrian antolatzea, sustatzea, kudeatzea eta defendatzea, hiriguneetan kutsadura akustikoa, argiaren kutsadura eta airearen kutsaduraren aurkako babesa barne hartuta.
9) Hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina.
10) Osasun publikoa sustatzea, kudeatzea, defendatzea eta babestea.
11) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen defentsa eta babesa antolatzea eta kudeatzea.
12) Hilerrien eta hileta-zerbitzuen antolamendua, plangintza eta kudeaketa, baita osasun arloko kontrola ere.
13) Gizarte-zerbitzuak antolatzea, planifikatzea eta kudeatzea.
14) Diru-sarreren bermea eta gizarteratzea antolatzea, programatzea eta kudeatzea.
15) Zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea hiri-erabilerako uraren ziklo integralean. Honako hauek daude barne hartuta: uraren goi-hornidura; uraren behe-hornidura; saneamendua edo biztanleguneetako hondakin-uren eta euri-uren bilketa, eta hiriko hondakin-uren arazketa.
16) Argiteria publikoa, bide-garbiketa, biztanle-guneetako sarbideak, kale-zoladura eta parkeak eta lorategiak antolatzea eta kudeatzea, eta zerbitzu horiek ematea.
17) Udal-hondakinak edo hiri-hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea, eta hondakin gutxiago sortzeko plangintza, programazioa eta diziplina ezartzea.
18) Bidaiarien hiri barruko garraio publikoa –garraiobidea edozein dela– antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik.
19) Kirola eta kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kirol-ekipamenduak kudeatzea.
20) Kultura eta kultura-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kultura-ekipamenduak kudeatzea.
21) Udal-ondare historikoa babestea eta kontserbatzea, eta babes-plan bereziak eta katalogoak egitea eta onartzea.
22) Tokiko turismoa sustatzea eta kudeatzea.
23) Irakaskuntzaren programazioa egiten eta derrigorrezko eskolatze-aldia betetzeko zaintzan parte hartzea, bai eta haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta hezkuntza bereziko ikastetxe publikoen eraikinak kontserbatzea, mantentzea eta zaintzea ere. Era berean, hezkuntza-administrazioari laguntzea, ikastetxe publiko berriak egiteko behar dituen orubeak aurkitzen.
24) Zerbitzu-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.
25) Tokiko ekonomia- eta gizarte-garapena, eta tokiko enplegu-planak edo -politikak.
26) Euskararen erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzea, lege honen 7. artikuluan xedatutakoa gorabehera.
27) Genero-berdintasunaren eta ekitatea sustatzearen arloko politikak antolatzea eta kudeatzea.
28) Udal-ondarea kudeatzea eta ondare horren erabilera, zertarakoa, kontserbazioa eta mantentze-lana arautzea, betiere foru-araudiarekin bat.
29) Hondartza, laku eta mendietan egiten diren jarduerak eta erabilerak antolatzea, kudeatzea eta zaintzea, arlo horretan lurralde historikoek dituzten eskumenak eragotzi gabe. Hondartzetarako sarbideak antolatzea eta haien garbiketa-zerbitzua ematea.
30) Herritarren partaidetza, gardentasuna, gobernu ona bultzatzeko eta teknologia berriak eskueran izateko azpiegiturak antolatzea eta kudeatzea. Administrazio elektronikoa, prozesuen arrazionalizazioa eta sinplifikazioa. Batez ere, herritarrek informazioaren teknologiak eta komunikazioak modu efiziente eta jasangarrian erabil ditzaten bultzatuko dute, beren udal-mugartean.
31) Udalerriarenak diren herri barruko bide publikoak eta baserri-bideak antolatzea eta kudeatzea (kontserbatzea eta mantentzea barne).
32) Udalerriko bideetan, pertsona, ibilgailu –motordun zein bestelako– eta animalien mugikortasuna eta irisgarritasuna nahiz pertsona eta salgaien garraioa antolatzea, kudeatzea, sustatzea eta diziplina-modua zehaztea; horretarako, beharrezko iritzitako baliabide materialak, teknikoak eta giza baliabideak jarri ahal izango dituzte.
33) Establezimendu publikoak eta jolas-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.
34) Barne-merkataritza antolatzea eta kudeatzea. Zehatzago esanda, merkatu, hornidura-merkatu, azoka, lonja, hiltegi eta kalez kaleko merkataritza antolatzea eta kudeatzea. Hor sartzen dira, era berean, txikizkako merkataritza eta merkataritzako ekipamendu handiak planifikatzea eta antolatzea, hirigintza-antolamenduko irizpideei eta lurzoruaren arrazoizko erabilerari erantzunez, bai eta ibilgailuak eta bestelako salgaiak espazio publikoetan salerostearen erregulatzea, ikuskatzea eta arlo horretako zehapen-ahalmena.
35) Immigrazio alorrean gizarteratze-politikak kudeatzea, atzerritartasunaren inguruko legeriarekin bat etorrita eta erakunde autonomikoekin lankidetzan.
36) Gazteria-politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.
37) Garapenerako lankidetza alorreko politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.