Web edukia bistaratu

“Pasaia osorik bizitzeko” kanpaina

Pasaiako haur eta nerabeen eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz izateko beharrari erantzun nahi dion sentsibilizazio eta komunikazio kanpaina da “Pasaia osorik bizitzeko”.

Kanpaina martxan jartzearen ideia Pasaiako Euskararen Aholku Batzordetik sortu da. Pasaiak euskarari dagokionez dituen erronkak aztertzen ditu batzordeak. Bertan parte hartzen dute euskaltegietako, ikastetxeetako, merkatari elkarteko eta gaztetxoen aisialdi egitasmoetako ordezkariek, besteak beste; eta denek azpimarratu dute gaztetxoenen aisialdi eskaintza euskaraz izateko beharraren premia. 

Eta zergatik premia berezia? Batetik, Pasaiako haur eta nerabe askok ez dutelako euskara etxean jasotzeko aukerarik. Familia askotan etxeko hizkuntza erdara da, eta horrek eragin nabarmena du gaztetxoenen euskara mailan eta erabiltzeko joeran. Bestetik, eskola ez delako nahikoa haur eta nerabeen euskara mailan eta erabiltzeko joera horretan eragiteko. Haurrek denbora gehiago pasatzen dute eskolatik kanpo, eskola barruan baino, eta gainera, gaztetxoek eskola derrigorrezkoa den gauza bat bezala ikusten dute, eta euskara horrekin lotzen dute. Euskara gauza negatibo eta inposatu bezala bizi ez dezaten haien gustuko ekintzak euskaraz izatea ezinbestekoa da. 

Kanpaina honetako leloa aukeratzeko orduan ondorengo planteamendua egin dugu. Pasaiak Pasaia izateko behar dituen osagaiak askotarikoak dira: bere lau barrutiak, badia eta portuaren presentzia, bere festazaletasuna, biztanleen aniztasuna... edota euskara, besteak beste. Guztiak ditu beharrezkoak Pasaiak Pasaia izan dadin. Hori horrela, pasaitar guztiek, eta bereziki gaztetxoenek, Pasaia bete-betean bizitzeko euskara behar dute. Behar hori asetzea eta haur eta nerabe guztien aukera berdintasuna bermatzea da Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeko helburuetako bat. Hori horrela, kanpaina honetan guraso eta elkarteetako hezitzaileak sentsibilizatu nahi ditugu haur eta nerabeek aisialdia euskaraz bizitzeko duten beharraz.

Irudietako mezuak elkarteetako hezitzaileei eta gurasoei zuzenduta daude. Hezitzaileei honako mezua helarazi nahi diegu: aisialdi eta kirol taldean euskaraz aritzen zarenean, Pasaiaz bete-betean gozatzeko aukera ematen diezu haur eta gazteei. Emozioz gainezka den hizkuntza partekatzen ari zarete. Gurasoei, berriz, zera esan nahi diegu: ziurtatu seme-alabei Pasaiaz bete-betean gozatzeko aukera, aisialdi eta kirol ekintzak euskaraz gozatuz. Emozioz gainezka den hizkuntza bizitzeko garaia dute.

Mezu horiek udalerrian zehar egongo diren euskarrietan erakusteaz gain zuzenean lan egin nahi dugu, bai elkarteekin, baita gurasoekin ere. Ekintza konkretuak landu nahi ditugu haiekin kanpaina hau mezu huts batean geratu ez dadin.