Web edukia bistaratu

"Miranda" Etxea

Miranda etxea XVI. mendekoa da, estilo errenazentistakoa. Oinplanoa angeluzuzena da eta estalkiak hiru isurialde ditu. Beheko solairua eta beste hiru solairu ditu.

Fatxada nagusia silarrizkoa da eta beheko solairuan bi sarbide eta leiho bat ditu, guztiak dinteldunak. Erdiko sarrera handiagoa da eta horman erdi sartuta dauden bi zutabek babesten dute. Gainera, bakoitzaren gainean armarria dago: bat Zizurkilgo San Millan familiarena da eta bestea Villaviciosatarrena izan daiteke, nahiz eta kaltetuago egon. Beste hiru solairuetan oineko hiru bao irekitzen dira, guztiak dinteldunak. Lehenengo eta bigarren solairuetan, harrizko moldura luzea dago; baoentzako mentsula da. Hirugarrenean, berriz, mentsula bana dute baoek. Goian harrizko moldura dago eta horren gainean, egurrezko teilatu-hegala, harburu landuak dituena.

 

 

 

 

 

Eskuinaldeko fatxadan jatorrizko lehenengo altuera soilik mantentzen da. Hareharrizko silarriz egin zen eta ez du baorik. Beheko solairuarekiko irtena da. Ezkerraldeko fatxadan, ere, lehenengo altuera soilik mantentzen da jatorrizko lanetik. Silarrizkoa da eta hiru bao dauzka: bi sarrera eta leihoa. Leihoak balkoi irten eta luzea du. Fatxada amaitzeko egurrezko teilatu-hegala dago, eta harburu landuak ditu.