Web edukia bistaratu

"Antxo Eraikiz" Prozesuaren 3. Saioa

Maiatzaren 6an (asteazkena), 19:00etan egingo da Antxo Eraikiz parte-hartze prozesuko hirugarren saioa, aurreko biak bezala Antxoko Ikastolan. Hasierako plangintzari jarraituz, honek izan beharko luke azkena. Hala ere, Udalak ez du atea itxi nahi, herritarrek beharra ikusiz gero, saio gehiago antolatzeko, izan ere, jakitun gara prozesu honen ondorioek berebiziko garrantzia izango dutela barrutiaren etorkizunean. Horregatik, erabakiak patxadaz hartzea garrantzitsua dela deritzogu.

Saio berriari helduz, hirugarren bileraren helburua proposamen zehatzak lantzea izango da. Gainera, proposamenak parte-hartzaile guztien artean adostea bilatuko da bileraren bigarren zatian.

Hirugarren saioan parte hatzeko gonbita egin nahi die Udalak herritarrei, etorkizuneko Antxoren inguruan erabakiak hartzea denoi dagokigu eta.

Halaber, aipatu beharra dago, Antxo Eraikiz parte-hartze prozesuko bigarren bilera (apirilak 15) oso emankorra izan zela. Hiru lantaldetan banatuta, Antxok dituen beharrez aritu ziren parte hartu zuten lagunak. Halaber, aukera ezberdinak mahai gainean jarri zituzten, eta ekintza zerrenda oparoa landu eta partekatu zuten. Nolako Antxo desiratzen duten ere aztertzen aritu ziren giro bikainean.

Bigarren bilerako akta laster egongo da ikusgai www.pasaia.eus/antxoeraikiz loturan. Helbide horretan Azokan jarrita dagoen erakusketako irudiak eta lehenengo bileraren akta ere ikusteko aukera dago. Azkenik, bileretara joan ezin dutenentzat ekarpenak egiteko formulario bat deskargatzeko aukera dago. Formulario hori bera Azokan ere topatu daiteke paperean, Interneterako sarrerarik ez duten antxotarrek erabili dezaten.