Web edukia bistaratu

Balorazioa

Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko lehen fasean parte hartu duten herritarrak gustura aritu dira

Gazteen lehenengo lan-saioa apirilaren 9an egingo da

Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko bileren lehen fasea dagoeneko burutu da eta, oraingoz, bai Udala eta bai parte-hartzaileak gustura agertu dira emaitzarekin.

Lehen bileretan parte-hartzaile bakoitzaren bizipenak eta sentipenak partekatu, eta barrutiko egoeraren lehen azterketa egin dute. Guztira, bost bilera egin dira: Donibanen, Trintxerpen, Antxon eta San Pedron bilera bana; eta, horiez gain, beste saio bat egin da merkatarien ordezkariekin. Gazteekin lehenengo lan-saioa, berriz, apirilaren 9an egingo da.

Parte-hartzaile gehienak elebidunak izan dira, baina euskara ez dakiten edo euskaraz moldatzeko zailtasunak dituzten herritarrek ere hartu dute parte. Udala pozik agertu da horrekin, plana arrakastatsua izateko ezinbestekoa baita Pasaian bizi diren guztien iritzi eta ikuspegiak ezagutzea. Bost lan-saioetan, besteak beste, herritarrek, elkarteetako ordezkariek, irakasleek, guraso elkarteetako eta lan-munduko ordezkariek, euskara ikasleek eta udal langileek hartu dute parte.

Bileren bigarren fasea apirilaren 5ean hasiko da, eta barrutietako euskararen egoera hobetzeko proposamen zehatzak landuko dira, batez ere.