Web edukia bistaratu

Pasaia portuaren inguruan sortutako udalerria da. Portua da, aldi berean, batzen eta zatitzen gaituena. Portuaren ertzetaraino iristen dira, Pasaiarekin batera, inguruko beste udalerri batzuk; hala nola, Lezo, Errenteria eta Donostia. Zenbaitetan, nahasketak eragiten ditu eraketa fisiko horrek, ez baita batere ohikoa udalerri bat, izaera juridiko-administratibo bakarra duen udalerria, lau barrutitan zatitua aurkitzea. Eta gainera, gure kasuan, barrutien arteko lurrek ez dute jarraipenik. Pasaiako Udala udal-mugak berrikusteko ekimena bultzatu nahian dabil, azken ikerketa historikoek diotenez, Pasaiari lurralde zabalagoa baitagokio; hau da, egun beste administrazio batzuen eskuetan dauden lursailak Pasaiari dagozkio. Eta horixe da mugen auzi ezagunaren muina. Beraz, ondoren aipatzen diren lur-azalerak etorkizunean finkatuko diren mugen menpe daude eta, edonola ere, ez dira zehatzak, oraindik inguruko udalerriekin egin beharreko mugaketa-lanak egiteke baitaude.

Pasaiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, jarraitu esteka hauei:

LAU BARRUTIAK

Donibane

Lau barrutietan zaharrena da Donibane eta badiaren ekialdean dago. Zaharrena izateaz gain, lur-azalera handiena duena ere bada, Jaizkibel mendiari esker, baita lurzoru urbanizatu gutxien duena ere, eta barruti horretan bizi da jende gutxien. ANATZINAKO HIRIGUNEA du eta badiaren ertzean zeharka-meharka egiten duen kale bakarra. Oinetxe ugari daude bertan, arrantzaleen etxeekin modu naturalean uztartuta, multzoari halako edertasun bikaina emanez. Ekialdetik, Hondarribiarekin egiten du muga; hegoaldetik, berriz, Lezorekin. Lur-azalera: 920 hektarea. Bitxikeria modura: Donibaneko kirol-taldeek kolore arrosa erabili ohi dute lehiaketetan.

 

San Pedro

Badiaren mendebaldean dago barruti hau, Donibaneren aurre-aurrean, eta honen antzera, AINTZINAKO HIRIGUNEA ederra du. Trintxerperekin batera, etenik gabeko hiria osatzen du eta 85 hektareako lur-azalera du, gutxi gorabehera. Barruti honetan dago arrantza-kaia, eta arrainarekin lan egiteko eta arraina izozteko egitura handiak eta modernoak ditu. San Pedroko taldeek kolore morea erabiltzen dute barrutia ordezkatzen dutenean.

 

Antxo

Udalerriaren hegoaldean dagoen barruti hau XIX. mendearekin batera sortu zen, bertan hainbat azpiegitura egin zirenean; hala nola, Norteko trenbidea, Madril-Paris errepidea, topoa edota portuko merkataritza-kaia. Ekialdetik, Errenteriarekin egiten du muga, eta mendebaldetik, Donostiarekin. Iparraldean, berriz, Portuko Agintaritza dago; Pasaiako Portua kudeatzen duen erakundea, alegia. Aipatutako mugen auzia ahaztu gabe, Antxok 15 hektareako lur-azalera du, gutxi gorabehera. Barrutiko taldeek erabiltzen duten kolorea txuri-gorria izaten da, eskuarki.

 

Trintxerpe

Historiari erreparatuz, San Pedroren auzoa izan da, baina bere izaera lantzen jakin duen barrutia dela esan daiteke eta, egun, bi barruti osatzen dituzte. Trintxerpe nabarmen hazi zen arrantza-industria garatu zen urteetan, eta lau barrutietatik jendetsuena bilakatu zen. Baina 70eko eta 80ko hamarkadetako arrantza-krisialdiaren ondorioz, biztanle-kopurua nabarmen murriztu zen; hala ere, Trintxerpe da, gaur egunean ere, biztanle gehien dituen barrutia. 87 hektareako lur-azalera du, mugen auzia dela-eta, aldaketak izan ditzakeen arren. Trintxerpeko taldeek txuri-urdinez janzteko ohitura dute.