Web edukia bistaratu

KIROL GALA 2017

2018/01/11

Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunea Pasaiako lehen kirol galaren lekuko izan zen. Kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko 100 lagunetik gora bertaratu ziren, eta aukera izan zuten ekitaldi honetaz gozatzeko.

Ekitaldi hau sortu zen balioan jarri nahi genuelako herritar guztientzako jarduera fisikoa sustatzen duten ekintzen aberastasun guztia, eta horrez gain, Pasaiako kluben sare zabalak zuzentzen duen kirol praktika federatu aberatsa eta askotarikoa.

Eskola Kirolarekin hasi zen gala, egitasmo horrek eskualdean duen garrantzia nabarmendu zen, eta adierazi zen udalerriko bi ikastetxeen inplikazioari esker gauzatzen dela.  

Kirolaren arloan izan den bilakaeraren oinarri-oinarrian jarri behar dugu Oarsoaldean garatzen dugun Eskola Kirola egitasmo estrategikoa. Duela 25 urte baino gehiago abian jarri zenetik, egitasmo horren garapena ikaragarria izan da. Gaur egun Pasaian eta eskualde osoan gehien egiten den eskolaz kanpoko jarduera da. Hori guztia udalerriko bi ikastetxeek egindako ahaleginari eta bikain baino bikainago egindako lanari zor diogu: Karmengo Ama eta Pasaia Lezo Lizeoa. Egitasmoa oso egoera onean dago egun; eta horren adierazle argia da egituraren profesionalizazioa, ikastetxeek begiraleak kontratatu izana, alegia; eta hori hala da GFAren, Udalaren eta ikastetxeen arteko lankidetzari esker. 

Bi ikastetxeek jaso zuten Foru Aldundiko Kirol zuzendariaren aitortza. Goizane Alvarezek eskerrak eman zituen, eskualde honetan hain eskaintza bikain, zabal eta aberatsa izateko egindako ahaleginagatik.

Eskerrak eman zitzaizkien, era berean, ikasturtean zehar era batera edo bestera aktiboki parte hartzen duten klub guztiei, partiduetan arbitro-lanak egiten dituztenei, alegia; guztiek laguntzen baitute zeharka etorkizuneko arbitroak prestatzen, eta zelaian adin horietan hain inportantea den lan didaktikoa egiten. 

Ondoren, Pasaiako kirolguneei buruzko bideoa proiektatu zen, jarduera fisikoa eta kirola praktikatzeko udal-sarean erreparatzeko: 60.000 m2 dauzkagu Pasaian kirola egiteko, eremu irekiak eta itxiak (estaliak) zenbatuta; eta horietan jarduera federatuak, zuzenduak edo libreak egin daitezke. 

Azken urteetan inbertsio garrantzitsuak egin dira kirol instalazioen sarean, guztietan kalitatezko jarduerak eskaini ahal izateko. Inbertsio horien helburu nagusia izan da balio-aniztasuna, udalerriko kirol azpiegituren egitura konplexua kontuan izanik. Hori guztia nabarmendu nahi izan da, agerian jartzeko kirol instalazioetan inbertitzea kirolean inbertitzea dela eta, beraz, pertsona aktiboen alde egitea.

Ondoren, elkarrizketei eskainitako ikus-entzunezko baten bidez, Pasaiako emakumeen kirol federatuaren praktika nabarmendu zen. Batelerak erreferentzia paregabea dira gure udalerrian; itsasora irteten diren bakoitzean erakusten digute. Pasa den denboraldian erabateko arrakasta lortu zu-ten. Talde-lana, ahalegina, jarrera, lidergoa... Horiek izan ziren gakoetako batzuk, iazko denboraldia berriz ere arraunaren historian arrastoa uzteko modukoa izan zedin. Baina udalerriko klubetan garatu diren beste ekimen interesgarri batzuk ere nabarmendu nahi ditugu; orain arte emakumeei zuzenduta ez zeuden kirol modalitate batzuen eskaintza zabaldu baita: Ilunbe Arraun elkartea, Azkuene triatloi taldea eta Trintxerpe Kirol Elkartearen areto-futboleko emakumezkoen taldea dira horren erakusgarri.

Elkarrizketen bigarren atalean Pasaiakoak ez diren klubetan iaz emaitza onak lortu zituzten kirolari pasaitarrei erreparatu zitzaien; asko eta asko dira, nahiz eta horietako batzuk ez diren udalerrian oso ezagunak, oihartzun mediatikorik izan ez dutelako. Besteak beste: Antxon Basurko, Zuhaitz Astarloza, Dairon Torrado, Nerea Abancens, Begoña Lazkano eta Jon Carballo.

Galaren bukaeran 2017an urteurren berezia ospatu duten Pasaiako kirol elkarteei aipamen eta omenaldi berezia egin zitzaien. Hain zuzen ere, honako hauei: Trintxerpe KE  90 urte. Ilunbe. 30 urte. Trintxer mendi taldea. 25 urte.

Eta azkenik, laster inauguratuko den raketistei buruzko dokumentalaren trailerra proiektatu zen. Emakume horiek mundu osoko frontoietan aritu ziren, eta munduko lehen emakumezko kirolari profesionalak izan ziren. 

Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol elkarteak ikerketa-lan bat egin du, pilotari haien historia zabaltzeko, orain arte isilean gorde den historia. Jon Juanes Iragorri, RAKETISTAK LOKKEren izenean, eta Ainhoa Palomo dira ikerketa horren egileak.

Pasaiako Udala jakitun da kirol-elkarte bakan honek zer garrantzi duen, eta zer helburu bete nahi dituen; eta horregatik ahaleginak batu dituzte eta urte guztian elkarlanean aritu dira, kirol honen dokumentazioa, ikus-entzunezko hedapena eta zabalkundea sustatzeko.

Barruti guztietan erakusketa ibiltaria jarri, eta Ibaiondoko erakustaldiaren ondoren, otsailaren 25ean 19:00etan Donibaneko Juanba Berasategi aretoan elkartean prestatu duten dokumentala proiektatuko da. Merezitako omenaldia egingo zaie biei, dokumentala proiektatu ondoren. Herritar guztiak gonbidatu zituzten ekitaldi horretara. 

Galaren amaierako saioa Pasaiako alkate Izaskun Gomezek egin zuen. Bere hitzaldian aipamen berezia egin zien udalak Eskola Kirola egitasmoarekin egiten duen ahaleginari, UDA kanpainari, udalerriko kirol-instalazioetan egin den inbertsio handiari, eta laster abian jarriko den jarduera fisikoa sustatzeko egitasmoari. Halaber, barruti batzuetan dagoen kirol instalazio gabezia osatzeko etorkizunean gauzatu nahi diren proiektu batzuk aipatu zituen.

Ekitaldiaren ondoren, bertaratu zirenek aukera izan zuten aretoaren ondoko gelan luntx goxo batez gozatzeko, eta galako protagonistekin hitz egiteko.