Web edukia bistaratu

JAIAK PASAIAN

Jakina den bezala, Pasaiak lau barruti ditu eta bakoitzak bere zaindaria ohoratzen duenez gero, jaiak ere hainbat alditan ospatzen dira:

Ekainaren 24aren inguruan, SAN JUAN jaiak PASAI DONIBANEN.

Ekainaren 24an ospatzen da San Juan eguna. Bezperan, zuhaitzaren inguruan aurreskua dantzatu ohi da eta ilunabarrean su garbitzailea piztu.

Ekainaren 29aren inguruan, SAN PEDRO jaiak SAN PEDRON.

Ekainaren 29an ospatzen da San Pedro eguna. Sonatuak dira Inude eta Artzaien desfilea, koadrilen arteko lehiak eta musika emankizunak.

Uztailaren 7aren inguruan, SAN FERMIN jaiak ANTXON.

Uztailaren 7an ospatzen da San Fermin eguna. Giro paregabeko jaiak izaten dira, eta inguruko herrietako jende andana hurbildu ohi da Antxora. Ospe handia daukate desfileak, barrakek eta bestelako ikuskizunek.

Uztailaren 16aren inguruan, KARMENGO AMAREN jaiak TRINTXERPEN.

Uztailaren 16an ospatzen da Karmengo Amaren eguna. Aldarte ezin hobean, Trintxerpetarrek danborren doinuekin eta beste hamaika ekimenekin ospatu ohi dituzte beren jaiak.

Uztailaren 25etik 31ra, SANTIO eta SAN INAZIO jaiak DONIBANEN.

Donibanek bigarrenez ospatzen ditu jaiak uztailean. Merezitako fama daukate Santa Ana eguneko habanerek (uztailaren 26an) eta San Pantaleon egunean su eztian erre eta doan banatu ohi diren sardinek ere (uztailaren 27an).

BESTE JAI BATZUK

Pasaitarrok erraz aurkitzen ditugu bizitzaren edertasuna ospatzeko hamaika motibo. Horregatik, urtean zehar pozik elkartzen gera musikaren eta bazkari zein afari goxoen inguruan. Aipamen berezia merezi dute eguberrietan antolatu ohi diren emankizunek, edota inauterietan egiten diren desfile eta ikuskizun apartek.

Gainera, Udalak antolatutakoez gain, sarritan herriko talde eta elkarteek ospazkizun bereziak antolatu ohi dituzte.

JAIEN ANTOLAKETA

Barruti bakoitzeko jaiak antolatzeko herriko talde eta elkarteekin osatutako Jai Batzorde bana osatzen da. Batzordeetako buruak barrutietako alkateordeak izaten dira.