Web edukia bistaratu

2. Foroa - Biteri Plaza

Pasaiako alkatetzak Udalaren Demokrazia Parte-hartzailearen Arloarekin batera, antxotarrei gogorarazi nahi die irailaren 18an, osteguna, ekainean hasitako Informazio eta Komunikazioaren Bigarren Foroa egingo dela Antxoko Biteri plazako urbanizazio proiektuari buruz. Foro irekia da, parte hartu nahi duen orok har dezake parte eta aurrekoan baino xehetasun gehiago emango da oraingoan proiektuari buruz, hitzarmenaren gainean, aldaketa proposamenaren inguruan eta parte-hartze eta erabakitzeko prozesuari buruz.

Era berean gogora ekartzen dugu foro hau eratzearen ideia Alkatetzak hartutako konpromisotik datorrela, informazio, komunikazio eta partaidetza eta hala balegokio erabakitzeko prozesua aurrera eramateko konpromisotik, Arau Subsidiarioen garapenaren inguruan, Antxoko Biteri plazari dagokionez, eta horregatik hain zuzen erabaki genuen Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren aldaketaren eztabaida udalbatzarrean atzeratzea .

Alkatetzak hartutako konpromisoa gehiago zehazteko, kontua da pasaitarrei aukera ematea, kasu honetan antxotarrei, behar duten informazio guztia ematea gure herriarentzat garrantzizkoak diren proiektuak aztertu, eztabaidatu, proposamenak egin eta erabakiak hartzeko. Izan ere, herri honek badu gaitasuna zuzenean eragiten dioten gaiei buruz erabakiak hartzeko, eta gure oinarria hain zuzen etorkizuna batera eraikitzeko dugun konpromiso tinkoa da.

Herritarren parte-hartze prozesu honek erakutsiko du zein ekintza eta estrategia diren beharrezko herritarrek udal kudeaketa bere egin dezaten, erabakiak hartuz.

Ekainaren 26an egin zen Komunikazio eta Informazioaren lehen foro jendetsuan eztabaidagaiari buruz informazioa eman zen eta metodologia azaldu zen, eta hurrengo Eztabaida Foroetan, irailaren 23an eta 25ean egingo direnetan, parte hartzeko zein aukera egongo diren azaldu zen. Alkatetza garatzen ari den partaidetza-prozesu honek Elhuyar-en aholkularitza du, eta enpresa horretako langileak izango dira eztabaidagune horiek sustatu eta azkenean ondorioak aterako dituztenak.

Ildo honetan, antxotarrei gogorarazten zaizue baliabide hauen bitartez eman dezakezuela izena foroetan parte hartzeko:
 


Eztabaidagune hauetan sortzen diren iradokizunak, hausnarketak eta ekarpenak, azken buruan, ondorioak aztertu ondoren, herritarrei itzuliko zaizkie, azken erabakia hartu ahal izateko.

Azkenik, adierazi behar dugu konpromisoak betetzeaz gain, sinestu ere egiten ditugula eta seguru gaudela hau beste urrats bat gehiago dela eztabaidaren kultura indartzeko, hots, elkarri entzunez elkar ulertu eta gauzak partekatzearen kultura sendotzeko. Herritarren interesen eta beharren alde elkar harturik, besoz beso.