Web edukia bistaratu

Udalbatzak 2016ko maiatzaren 31ko osoko bilkuran ondorengo Harrerarako Protokoloa aho batez onartu zuen. Protokoloan jasotako neurriak arian-arian ezartzen joango dira Pasaian, nahiz eta protokoloa malgua izango den beti, herriaren beharrei erantzuteko eta Udalaren errealitatera egokitzeko. Harrerarako neurriak ebaluatu egingo dira, eta ebaluazioaren arabera, mantendu edo baliogabetu egingo dira, edota berriak ezarriko dira.

HARRERARAKO PROTOKOLOA

1) Sarrera

Zer da harrera?

Askotan harreraz ari garenean, herritarrek nahiz erakundeek migratzaileak dituzte gogoan. Ikuskera hori prozesu honetan ere hala izan da, izan ere parte-hartzaile ugarik bizilagun berriei buruz ari ginela, migratzaileez ari ginela uste zuten (eta askotan europar erkidegotik kanpokoez). 

Hala ere, Pasaiako Udalaren kasuan harreraren ikusmoldea gaur egun lan-prozesu sakon baten emaitza da. Horrenbestez, ikuspegi sendo batetik ulertu beharra dago, alderdi inklusiboa eta irekia ezaugarri dituela. 

Pasaiako Udalaren iritzira, Pasaiara etorri berri den orori egingo zaio harrera, etorri berriaren jatorria zein den kontuan izan gabe (Donostiatik hurbil etorritakoa edo Indiatik urrutitik etorritakoa). 

Elkarbizitza egokia izango bada, harrera egitea ezinbestekoa da. Herritarrei ematen zaien arretan datza, bai aurrez aurre, bai telefonoz, bai Internetez,... Harrerari buruzko lehenengo iritzia da elkarreragineko harreman horretatik eratortzen da; herritarrekin izaten den lehenengo harremana da.

Subjektuek prozesu osoan hartu dute ikuskera hori aintzat, eta berretsi egin dute, eta bere egin dute, halaber. Horregatik proposatzen dugu laburpen modura jarraian aipatzen den definizioa:

“Pasaiako Udalak harreratzat hartzen du Pasaiara etorri berri den orori arreta ematea, etorri berri denaren jatorria zein ere den kontuan izan gabe, betiere, elkarbizitza hobetzeko helburuarekin. Harrera egokia egitea ezinbestekoa da. Huts-hutsetik, hasi harrerak zer-nolako inpresioa eragiten duen, alegia, herritarrarekin den lehenengo harremanean zirrara nolakoa den, eta segi herritarrei ematen zaien arretarekin (aurrez aurre, telefonoz, Internet bidez...), eta antolatzen diren gune eta jarduketekin; jakitun izanda, Pasaiara etorri berri diren herritarrek gizarteratze erraza izan behar dutela.

Zer esan nahi du harrera-ereduak?

Udaletako harrerako langile teknikoen laguntzaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako “Gipuzkoako udalen harrera-gida”n jasota dago hau: “Harrera eredua etorri berri den bizilagunari eman beharreko gutxieneko zerbitzua da. Halaber, elkarbizitzarako lehenengo urrats gisa ulertu beharra dago, izan ere elkarbizitzaren barruan ulertu ezean, une zehatz batean eskaini beharreko zerbitzu isolatua izan litekeela ikusteko arriskua dago”.
 
Hortaz, Pasaiara bizitzera etorri berri denari ematen zaion arreta ez ezik, elkarbizitzarako oinarriak sendotzeko prozesua edo unea da harrera. 

Zer da harrerarako protokoloa? 

Prozesuaren hasieran harrerako protokoloak zer formatu izango zuen ez zegoen argi. Hala ere, astiro-astiro alderdi teknikoa aintzat hartuta, egokiena izan litekeen ikusmolde bat finkatzen joan da. Berez, alderdi politiko guztiek adostutako erakunde-adierazpena (irudia eta testua bateratua) egitearen aldeko proposamena agertu da, eta aldi berean, jarduteko protokoloa lantzekoa.

2) Harrerako protokoloa.

Atal honetan jasota ageri da Pasaiako herritarrek Udalarekin duten lehenengo harremanaren bitartez zer jasotzen duten. Lanketarako Pasaiako Udalean harrera-lanean diharduten langileekin 2014an egindako prozesuko txostena hartu dugu oinarritzat. Txostena prozesu osoan izan dugu aurrean, eta parte-hartzaile guztien eskura jarri dugu. Gainbegiratu, orraztu, aldatu eta berriro egokitu dugu, parte-hartzaileek hausnarketa, ekarpen eta proposamenak egin eta gero. 

Bada, halaber, beste dokumentu bat (aurretik banatu zitzaien Pasaiako Udaleko arduradun politikoei). Bertan jasotzen dira prozesuan agertutako hainbat ikuspuntu, ekarpen eta proposamen. Dokumentuan subjektu guztiek bere gain hartutako jardunak ageri dira (beltzez idatziak, markatu gabe), eta koloretan ageri dira bereziki parte-hartzaile batzuk adierazitakoak (subjektu bakoitzak kolore ezberdinez). Zati bat kolore zehatz batean agertzeak ez du esan nahi subjektu bakar batek hala ikusten duenik, ekarpen berriak ere hurrengo bileretan ontzat hartzen joan baitira. Nabarmen gelditu nahi izan da nondik eratorri den proposamena, eta/edo nork azpimarratu zuen bereziki. Azkenik, gogoratu beharrekoa da dokumentuan agertutako ikuspegi eta proposamen batzuk ez direla oraindik adostu, nahiz eta desadostasun eta guzti, jasota dauden.  
Dokumentu honetan alderdi teknikotik gainbegiratu, aztertu eta hobetu egin da parte-hartze prozesuan landutako guztia, proposamena antolatuagoa eta koherenteagoa izan dadin. Zehaztasunez jakin nahi izanez gero honako honetan ageri dena, aipatutako dokumentua zehatz-mehatz irakurtzea eta aztertzea komeni da.

a) Hobetzekoak diren atalak eta beharrak. 

Hobetzekoak diren beharrak edo atalak zehaztuta daude, eta gure irudiko, berriro aztertu beharrekoak lirateke. Hona hemen:

  • Pasaiako Udalak protokolo zehatzagoa behar du, harrerarako uneari dagokionez, bai zuzeneko arreta ematen dutenentzat, bai sail guztietan jendaurrean lanean diharduten guztientzat. 
  • Udalaren eta herriaren eraketa berezia denez (barrutika banatua eta badiaren inguruan), beharrezkoa da harreraren unean bereziki ohartaraztea Pasaiaren antolamendu geografikoa nolakoa den.
  • Herritarren arretaz arduratzen diren langileek harrera egokia egingo badute, sailetako informazio eguneratua behar dute. Beharrezkotzat jotzen da, hortaz, Pasaiari buruzko agenda komuna eguneratua izatea, eta berariazko eta aldian aldiko informazioa behar denerako, sailetako jarduerei buruzko informazio zehatza izatea.
  • Sailetako informazioa barrurako eman behar denean, hainbat sail espediente berean parte hartzen ari badira, zailtasunak izaten dira izapidearen ardura nori dagokion zehaztea.
  • Lehenengo hitza euskaraz egitearen aldeko politika mantendu beharra dago, herritar berriek harreran bertan jaso dezaten euskararen berri.
  • Informazio osoa emateko denbora gutxi dagoenez, beharrezkoa da ondo antolatutako informazioa ematea (sakona eta neurtua), eta atalka eta mailaka bereiztea, beharren arabera egokituta.
  • Landu egin behar da zer egin litekeen harrera edo tratua egokia ez den kasuetarako.
  • Herrian harrera naturaltasunez egiten da. Hori positiboa bada ere, harrera sustatzeko jarduerak gutxiesteko joera egon liteke, bereziki ezberdintasun kulturalak nabarmentzen badira.

Pasaian egiten den harrerari buruzko ikuspegia oso positiboa da, maila guztietan gainera: 

a) Udal mailan: 

  • Harrera egokia egiten da, eskarmentuan oinarritua, eta langileen jokabidea egokia da.
  • Eman beharrekoa den oinarrizko informazioa egokia da: argia, laburra eta zuzena.
  • Itzulpen eta bitartekotza zerbitzuak egokiak dira.
  • Migrazio eta Aniztasun arloetan egiten den lana: legeak, paperak, etab. Egokia da.
  • Alkateordeak astean behin egiten duen harrera egokia da.
  • Udaleko Euskara Plana abian da, eta langileek nahiko barneratuta dute lehenengo hitza euskaraz egitea.
  • Eskoletan harrera egiten da, eta taldeak erraz nahasten dira. Gazteen artean harrera oso egokia da; naturaltasunez egiten da, lagunartean, nahiz eta talde edo koadrila batzuek hobeto egiten duten.
  • Herritarrak historian zehar irekiak izan dira, eta harrera naturaltasunez egin dute. 
  • Integrazioa poliki-poliki gertatzen da, eta denbora behar du. 

b) Harrerako informazioan jaso beharreko edukiak eta gaiak. 

Udaleko langileek ez dute nahikoa denbora oinarrizkoa den informazio osoa emateko, beraz, estrategiak landu behar dira, hala nola:

  • Hasiera batean gutxieneko informazio laburtua ematea, eta material erraz eta praktikoa erabiltzea, gero berriro irakurri ahal izateko (gida, etab.).
  • Eskaera zehatzak badira, informazioa zabaltzea. Horretarako, beharrezkoa da harrerako langileek sailetako informazioa eskura izatea, banatu ahal izateko.
  • Oro har, udal-zerbitzuei buruzko informazioa eman behar da, eta informazioa sakonagoa izango da eskatzailearen interes zehatzen arabera. 
  • Udalaren eskumenekoa ez den informazioa izanez gero, gutxienekoa eman beharra dago, eta zehatz adierazi beharra dago non dagoen informazio zehatza eta norekin joan litekeen. Hortaz, harrerako langileek ez dute zertan gai guztien berri izanik, baina beharrezkoa denerako, nora bideratu jakin beharra dute.

Harrera egiten den unean eman beharreko informazioaren edukia edo gaia honako hau litzateke: 

  • Sarrera.
  • Pasaiako antolamendu geografikoari buruzko informazioa.
  • Informazio orokorra (argazki bat), udaleko zerbitzuei buruzkoa, udaleko sailei buruzkoa, kokapenari buruzkoa, eta izapideak egiteko moduei buruzkoa (errolda, bizikidetzaren egiaztagiria, altak, bajak,...)
  • Aisialdirako eta herrian bizitzeko (agenda komuna) eskaintzak, eta ekimen zehatzak, alorka bereizita. 
  • Jaiei eta ohiturei buruzko informazioa, eta gure herrietako egunean eguneko ohiturak (herriko ohitura zehatzak).
  • Kultura: liburutegia, elkarteak, musika-eskola, antzerki-eskola...
  • Kirolak: elkarteak, kiroldegiak, jarduerak...
  • Beste elkarte batzuk: SOS arrazakeria...
  • Turismoa: bulegoetako informazioa, ingurua ezagutzeko aukerak...
  • Emakumeak: emakumeen taldeei buruzko informazioa (migratzaileentzakoak barne), jabetze eskola, berdintasun plana (Berdintasun Plana egiten ari dira), etab.
  • Haurrei eta gazteei Haurren eta Nerabeen Eskubideen aldeko Planari buruzko informazioa ematea; baita ludoteka, gazteleku, elkarte, eta besteri buruzkoa ere. 
  • Gizarte zerbitzuak: diru-laguntza, gainerako programak, etab. Eskubideak eta betebeharrak.
  • Bizikidetza: zaborren bilketa, zarataren kudeaketa, bizilagunen bilerak, elkarbizitzarako gomendio egokiak...
  • Lege alderdiari buruzko informazioa: Udaleko laguntza juridikoa, gizarte-mugimenduaren laguntza juridikoa, epaitegiak.
  • Hezkuntza-prestakuntza: euskara eta gaztelania ikasteko aukerak, zentroak, ikastaroak eta laguntzak.
  • Hezkuntza: sistemaren ezaugarriak, eskolei buruzko informazioa, haurtzarorako baliabideak.
  • Garraioa: ibilbideak, txartelak, non eskuratu, etab. 
  • Udalerriko erakundeak eta enpresak.
  • Osasuna: osasun-txartela non eta nola eskuratu, osasun-zentroetako argazki bat eta kokapena, larrialdietarako zerbitzuak. 
  • Prestakuntzarako eta lana bilatzeko zerbitzuak: Lanbide eta Oarsoaldea. 
  • Etxebizitzak: Etxebide, eta oro har, etxebizitza alokatzeko aukerei buruzko informazioa, arauak, eskubideak eta etxebizitzei buruzko betebeharrak.

c) Udalaren jardueren proposamena (barne mailan).

Tokiko Gobernu berria jardunean hasi ondoren, 2015eko azaroan Udalean aldi berean bi prozesuri eman zitzaien hasiera, aipatu dugun parte-hartze prozesuarekin lotuta, barne mailan sumatutako behar ugariri erantzuna emateko asmoarekin.   Honako hauek dira prozesuak:

Herritarren Arretarako Zerbitzua sortzea. 
Prozeduren eskuliburua idaztea. 

Azaroaren 11ko Udalbatzaren osoko bilkuraren akordioan jasotakoari jarraiki, Udalak honako konpromiso hau hartuko du:

“Prozesu bat abiaraztea, administrazio-prozedurak berrikusteko, arrazionalizatzeko eta errazteko, eta gure udalaren prozedura-eskuliburua idazteko. Halaber, herritarren arretarako zerbitzua diseinatzea eta antolatzea, kontuan hartuta horren xedea dela  herritarrei zerbitzua ematea, herritarrei udalerako sarbidea erraztea eta herritarren eta gure udalaren arteko komunikazioa eta harremana erraztea”.

Gai honek garrantzia berezia du gure udalerrian, Pasaian: portuaren inguruan sortu eta garatu den herria, itsasertzean lau barruti dituena (Antxo, Donibane, San Pedro eta Trintxerpe). 

Barruti horiek erakunde juridiko administratibo bakarra osatzen dute, haien artean lurralde-jarraitasunik ez badago ere.  Horregatik da hain garrantzitsua udal zerbitzuak herritarrei gerturatzea eta Antxon, Trintxerpe-San Pedron eta Donibanen herritarren arretarako bulegoak irekitzea”. 

Alabaina, prozesu horiekin batera, eta jaso diren beharrei erantzuna ematearren, martxan jarri beharko litzateke lehenengo harrera egiten duten langileentzako metodologia alorreko prestakuntza-plana, harrera nola egin zehazteko (beste udal batzuetan nola egiten duten kontuan izanda), eta sortzen diren egoeren aurrean nola jokatu jakiteko (eta bereziki tentsioa sortzen den egoeretan), Udalari ez dagozkion zerbitzuak nola bideratu aztertzeko. Halaber, alderdi eta gai zehatz batzuk lantzeko prestakuntza jaso beharko lukete, bereziki, kultura-gaietan, jatorri askotariko pertsonei arreta egitean.

Era berean, komeniko litzateke informazioa eskuratzeko tresnak erabiltzea, harreraren beharrak zeintzuk liratekeen jakiteko eta udalerrira etorri berri direnei buruzko informazioa jasotzeko (adibidez, inkesten bitartez, beste udalerri batzuetan egiten den legez). Hartara, berehalako erantzun egokiak eman litezke, herrian diren behar eta errealitate berrietara egokitzeko. 

d) Udalaren jardueren proposamena (herritarrei).

Bizilagun berria izango da Pasaiako erroldan izena ematen duena. Izen-emate berri bat dagoen unetik beretik, honela jokatzea proposatzen da:

1) Ondoren agertzen den informazioa idatziz aurkeztuko da:

- Bizilagun berriarentzako (ez familiarentzat) ongi etorria emateko eskutitza, alkatearen izenean. Eskutitzean adieraziko zaio, besteak beste, barrutiko alkateordearekin biltzeko aukera izango duela, gainerako herritarrek bezala. Horrekin batera, herritarrentzako arretarako ordutegia adieraziko zaio.
- Planoa, eskualdeko eta inguruko zerbitzuak, guneak eta tokirik garrantzizkoenak agerian jarrita. (Hizkuntza askotan).
- Gida/harrerarako agiria: egun erabiltzen dena egokitu eta hobetu, eta bi urtetik behin eguneratu (Harrerako komunitateko jardunarekin batuta: emakumea, sareak, ongi etorria emateko bilerak, eta.).
- Haurrentzako eta haurrak dituzten familientzako gida/informazio-jolasa. Gidaren edukia planean parte hartzen ari diren adingabekoekin lantzea, Pasaiako haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko (haurrekin eta gazteekin lantzen diren harrerako jarduketekin batera). 

(Informazio idatzia oinarrizkoa eta ulergarria izango da. Era berean, herritarrek behar-beharrezkoa duten informazioa sakontzeko bitartekoak jarri behar dira. Erreferentziak behar dira gaietan sakontzeko). 

2) Ongi etorria emateko eta harrerako saioetarako bilerak:

Proposamena da erroldatu berri diren lagunei alkateordetzetako harrerako bileretara zuzenean gonbita bidaltzea Herritarrei harrera egiteko saioak izango lirateke, urtean behin egitekoak, barrutiz barruti (maiztasuna alda liteke, erroldaren aldaketen arabera eta saioetako parte-hartzearen arabera). Bilera horietan ongi etorria emango zaie biztanleei (alkateordeak edo alkateak zuzenduta), eta Udaleko teknikariek, elkarteetako eta gizarte-taldeetako kideek etorri berri direnei Pasaiako bizimoduaren berri emateaz gain, bertan zer gizarte-dinamika eta zer zerbitzu dagoen adieraziko diete. Parte-hartzaileen interesen arabera (aurretik ere landu liteke zer gogo duten), gaiak berariazkoak izan litezke, betiere, beroietan sakontzeko. 

Bileretan Pasaiari buruzko ikus-entzunezko bat emateko aukera legoke, eta hizkuntza askotan eman liteke.

3) Sailetako atalak Udaleko web orrian:

Atal honetan agertuko litzateke sail bakoitzaren zeregina zein den, eta inprimatzeko moduan jarriko litzateke. Iritsi berrien beharretara begira, liburutegia erabiltzeko aukera eman liteke, askotan Interneteko lotura bertatik egiten denez.

4) Pasaiari buruzko ikus-entzunezko filma prestatzea: herrien arteko ulermena erraztearren (historia, egoera geografikoa, kaleak eta eraikin garrantzitsuak agertzen diren irudiak,...). Ikus-entzunezkoan agertuko lirateke, halaber, herritarrak paseatzen, euren egunerokoak kontatzen.

Ikus-entzunezkoa hedatu liteke aurrerago proposatzen diren arretarako informazio-bulegoen bitartez, eskoletan, harrerako bileretan, edo aldian-aldian alkateordetzetan. Euskaraz eta gaztelaniaz sortzea gomendatzen da, hizkuntza ugaritan azpitituluak jarrita (iritsi berrien hizkuntzarik nagusienak erabiliz).

5) Bisita gidatuak lau barrutiak ezagutzeko:

Bisiten bitartez, modu naturalean, erroldatu berriek Pasaiari buruzko gutxieneko informazio formal eta informala izan beharko lukete. Ikus-entzunezkoa jar daiteke aurretik. Udalak, eskolek, elkarteek eta gizarte-mugimenduek bisitak egin ditzakete auzolanean, biko taldeetan antolatu eta gero, esaterako: gazteek gazte erroldatu berriekin, Donibaneko elkarteak Donibanera iritsi berriekin, emakumeen elkarteak emakume etorri berriekin, etab. Bisiten helburua da, alde batetik, Pasaiako errealitatearekin identifikatzea (bertako barrutien artean harremana badagoela kontuan izanda), eta beste alde batetik, tokirik garrantzizkoenak non dauden jakitea. Oinarrizko zerbitzuak non diren ezagutzea, eta baita toki interesgarriak ere. Era berean, interesa duten beste zenbait arloren berri izatea (gazteentzako litxarrerien denda, esaterako). Barrutietako dinamiketan eta bizimoduan murgiltzea da helburua.

Epe ertainera sare bat sortuko litzateke, integrazioa eta elkarbizitza errazteko. Beharrezkoa da bisitetarako estrategia komunitarioa lantzea.

6) Harrera berezia emakumeei:

Kanpotik datozen emakumeengana iristeko eta integraziorako izan litzaketen trabak gainditzeko jarduera berezien plangintza egin behar da, bereziki generoaren desberdintasuna kulturalki normaltzat jotzen den kasuetarako. Hasiera-hasieratik eman beharko litzateke berariazko elementuei buruzko informazioa: emakume-taldeak, lehendik diren dinamikak, eskubideak... Horretarako, koordinatzeko gune zuzenak sortu beharko lirateke, emakumeak mugitzen diren guneetan: osasun-zentroak, HHE, Lanbide, eskolak, haurtzaindegiak, elkarteak, etab. (erakunde ugariren arteko protokolo adostu bat egitea).

7) Elkartzeko tokiak:

Iraunkorki eremu komunak sortzeko proposamena egin dute, harrera egokia egiteko. Aldian-aldian elkartzeko tokiak izango dira. Udaleko langileen edo elkarteen laguntza eta dinamizazioa izango dute. Udalerriko jendea elkartzeko eta elkar ezagutzeko tokiak izango dira.

Elkartzeko tokietan herritarrei informazioa emango litzaieke, aniztasunaren aberastasun, elkarbizitzaren garrantzi, eta hizkuntza, ohiturak eta kultura ezagutzeari buruz, aurreiritziak alde batera utzita. Era berean, herrira etorri berri direnen gizarteratzea erraztu egingo litzateke. Esaterako, jaietako batzordean, tabernetan, haurren danborradan, eta beste zenbait ekintzatan. Baliagarria izango da herriak ezagutu ditzan.


8) Berariazko gonbidapena helarazi Pasaiako jardueretan parte hartzeko:

Zuzenean edo berariaz gonbita egin beharko litzaieke iritsi berriei, Pasaian antolatzen diren jardueretan esku hartzeko (Datuen Babeserako Legea kontuan izanda), hala nola: ikastaroetan, jaietako jardueretan, hitzaldietan (Udalekoak izan, elkarteetakoak izan). Horrela, jendeak elkar ezagutzeko eta elkarrekin harremana izateko aukera izango du. 

e) Elkarbizitzarako mahaia:

Botere publikoei dagokie alderdi publikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean herritarren parte-hartzea sustatzea, nortasunaren garapen askea bultzatu nahi izanez gero. Zuzenean edo ordezkaritza bitartez, herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eta erabakitzeko duten eskubidea bultzatu beharra dago, eta arlo guztietan garatu beharrekoa da, bai norbanakoari erreferentzia eginez, bai gizartean diren era guztietako taldeek gauzatuta izanda ere.  Udalaren Antolamenduari buruzko Araudiaren 48. Artikuluan jasota dagoenari jarraiki, “Udalbatzak bere jardunari buruz ahalik eta informazio osoena emango du, eta herritarren parte-hartzea ahalbidetuko du. Nolanahi ere, parte-hartze horrek ez du urrituko udal organoek duten erabakitzeko ahalmena”.

Horregatik guztiagatik proposatu da Elkarbizitzarako Mahaia sortzea.  Mahai hori izango da udalerriko harrera eta elkarbizitzaren gaietan eragile sozialek, ekonomikoek, berdintasunekoek, eta herritarrek, oro har, Udaleko informazioa biltzeko, eztabaidatzeko eta adostasunetara heltzeko izango duten esparru iraunkorra.  

Mahaian lanerako prozesua sortzen joango da, modu bateratu eta parte-hartzailean. 

Mahaia eratzeko urratsak: 

  • Lantaldea sortzea elkarbizitzarako. Parte-hartzaileak identifikatzea, eta mahaian sartzeko lanean aritzea.
  • Mahaiaren eginkizunak eta helburuak zehaztea. 
  • Harrerarako protokoloa malgutasunez sortzea eta gainbegiratzea. 
  • Lanketan aritzea elkar ezagutzeko eta batuta egoteko. 
  • Pluraltasunaren eta migrazioaren gaiaren hedapena egingo da udalerrian, Udalaren laguntzarekin.
  • Udalari aholku ematea eta ekimenak proposatzea, udalerrian elkarbizitza batua sustzeko.

Osaera:

Askotarikoa izango da, Pasaian jaiotakoek eta Pasaiara iritsi berriek osatua. Elkarte askotariko kideek, gizarte-dinamika askotarikoek, eta Udaleko eta erakundeetako kideek osatuko dute. 

Eskoletan:

Irakasleen arduradun izango den lagun bat aukeratu liteke, iritsi berriei eskola erakusteko, eta lehenengo egunetan haiekin batera ibiltzeko. Edo jarraipenak egin litezke, eta harrerako programen inguruko lanketak egin litezke, hezkuntza-komunitateetan abian jarrita baitaude. Beste aukera bat litzateke komunitate horietan laguntza eskaintzea programak egiteko, gainbegiratzeko edo egokitzeko.