Web edukia bistaratu

Bonantzako Kristoren Basilika

Bonantzako Kristo Sainduaren basilika Pasai Donibaneko lehenengo parrokia izan zen. XVII. mendekoa da eta Erriberako San Joani kultua eskaintzeko egin zen.

Parrokia berria egin zenean, Santa Isabeli eskaini zitzaion, sute batek suntsitu zuen arte. Ez zen hondarrik gelditu. Garai hartan, Santa Isabel gazteluko soldadu-taldearen zerbitzu erlijiosoetarako erabiltzen zen nagusiki. Horren ordez, egungo Bonantzako Kristo Sainduaren basilika eraiki zen 1738an, eta bertako guztien dohaintzekin egin zen. Atzerrian finkaturikoek ere (Peru, Manila, Venezuela eta beste hainbat herrialdetakoek) beren ekarpenak egin zituzten. Zehaztasun bitxia da bisigu-ontziena. Arrantzaren zati bat eliza eraikitzeari eskaintzen zioten.

Kapitainek eta tripulazioek diru-bilketak antolatzen zituzten mantentzeko. Itsasontziak sartu eta irteten zirenean, mezak ematen ziren, gizonentzat eskatzen zituzten nabigazio zoriontsuarengatik esker onak emateko edo bidaian Kristo Sainduaren babesa eskatzeko.

Elizak nabe bakarra du eta oinplanoa angeluzuzena da. Oinarrian bi koro mailakatu ditu eta oso itxura ederra dute. Bigarrenaren gaineko leiho zirkular zabalak barrura argia sartzen uzten du, baita alboetako hiru leihoek ere. Gainera, sakristiaren gainean beste bat dago. Hesi apartak arkuaren zabalera eta altuera guztia estaltzen du. Arku hori lehenengo koroa eusteko erabiltzen da. Lezoko Kristo Sainduaren basilikan ikus daitekeena ekartzen du gogora. Matias Lozano hondarribitarrak egin zuen. Elizak pilastrez berezitako lau tarte ditu. Kutxa gainjarrien itxura dute eta pilastra zabalagoan nahiz zutabe-sekzioan egokitzen dira. Bertan oinarritzen dira parpain-arkuak, tolareak eta gangetako gurutzadurak. Erpinak leuntzeko, kurbadurak erabiltzen dira. Luzeran tarterik handiena koroarena eta gurutzadurarena da. Ganga  batek ixten du petxinaren gainean. Apaintzeko, moldura finak erabiltzen dira eta Pasai Donibaneko armarria dago. Ertz-gangak dira eta harrizko ildaskak nahiz giltzarria dituzte. Harria itsasoz garraiatu zen elizaraino.

Portada nagusiari berezitasuna ematen dion elementu bakarra eranskin txikia edo harrizko kanpai-gorputza da. Oinplano laukia du eta alde batean altxatzen da. Hutsuneak eta karelak harriz balaustratuta daude, eta akrotera eta bola duen erpina edo orratza du goian. Barruan, bertaraino iristeko eskailerak harrizkoak eta kiribilak dira. Horiei esker, koruraino irits daiteke. Argiztatzeko bost gezileiho txiki daude. Eliza osoak kantoiak eta erlaitzak harriz estaltzen ditu eta zokalo txikiaren gainean daude. Zokaloa material berekoa da. Teilatuak lau isurialde ditu. Kapiteletako eta harroinetako hutsuneen eta irtenguneen lan ederra azpimarra daiteke. Gangak ere ezin hobeki eginak daude eta moldurak oso finak dira. Zehaztasun horiei guztiei erreparatuz gero, eskulana oso aditua izan zela esan daiteke. Denboraren poderioz, kultua alde batera utzi eta traineruak gordetzeko erabili zen. Horregatik, duintasunaren zati bat galdu du.

Elizaren mendebaldeko fatxadan "Lintxua" izeneko atea dago. Eguraldi txarra egiten zuen egunetan arrantza-ontzien edo merkantzi-ontzien zain zeudenak bertan babesten ziren.

Hainbat itsasontzi-mota irudikatzen dituen zenbait ebaki edo taila ditu. Silueta gehienak XVIII. mendekoak dira, baina XIX. mendekoak ere badaude.

 

 

 

 

Aldare nagusiko erretaula barroko zuhurra da. Aldare nagusiaren erdian azpimarratzekoa da Bonantzako Kristo Saindua. Ilearengatik ingelesa dela esan daiteke. Jeronimo Larrearen lana (XVII. mendea) izan daiteke. Alboetako irudiek nazarenoa eta zigortzea irudikatzen dituzte. Presbiterioaren arkuaren bi alboetan azpimarratzekoak dira hegan egin nahi duten bi aingeru polikromatuak.

Beste askotan gertatzen den moduan, kondairak irudi sakratu hori gailendu du. Bada denbora herritarren artean hurrengo tradizioaren sinesmena dagoela: arrantzale batzuk Kristo hori itsasoan flotatzen aurkitu zuten. Garai hartako jendeak zuen fedearekin, irudia bildu eta Bonantzako elizan jarri zuten. Harrezkero, kultua eskaini zioten ez bakarrik Pasai Donibaneko herritarrek, baita merkataritza-itsasontzietako eta guda-itsasontzietako tripulazioek eta kortsarioek ere. Kristo horren omenez dohaintzak eta mezak ematen ziren.