Web edukia bistaratu

Aparkaleku Arauaren Aldaketa

Apirila bukaeran edo maiatzaren hasieran martxan jarriko da Pasai Antxon ibilgailuak aparkatzeko araudi berria. Ziur gaude aldaketa honek onura handiak ekarriko dizkiela antxotarrei.

Bertakoei bertakoentzako txartela emango zaie erabat doan, autoa aparkatzeko. Antxoko kale guztiak txartela dutenentzat erreserbatuta egongo dira, eta baita Luzuriagako aparkalekuaren 3/4 ere. Luzuriagako aparkalekuaren gainerako 1/4, 100 plaza inguru, aparkaleku libreak izango dira; kanpotik datozen bisitariek aparkatzeko aukera izan dezaten. Hala ere, Luzuriagako aparkalekuaren banaketa behin-behinekoa izango da: proba egiteko, 100 leku utziko dira libre aparkatzeko eta, beharren arabera, kopuru hori aldatzeko aukera izango da.

Araudi berri honen helburu nagusia da, beste herri batzuetara lanera doazenek Antxon ez aparkatzea; eta antxotarren aparkaleku-arazoak neurri batean arintzea. Era berean, kontuan hartu dugu, Antxoko merkataritza-establezimenduetara autoz etortzen dela jendea, eta haientzako plaza batzuk ere gorde dira.

Araudi berria ahalik eta azkarren jarri nahi dugu indarrean. Txartelak prestatu, herritarren artean banatu, eta Udaleko Zerbitzuetako langileek aparkalekuen eremuak lurrean margotu bezain laster jarriko du Udalak aparkatzeko sistema berria martxan.