Web edukia bistaratu

"Antxo Eraikiz" Prozesuaren 2. Saioa

Pasa den martxoaren 25ean Antxo Eraikiz parte-hartze prozesuaren lehen saioa egin zen Antxoko Ikastolan. Bertaratu ziren herritarrek orain arte Pasai Antxon burutu diren proiektuak ezagutu zituzten eta etorkizuneko asmo eta aukeren berri jaso zuten.

Udalak prestatu duen erakusketa, Udaleko web orrian birtualki eta Azokan fisikoki ikus daitekeena, oinarritzat hartuta, Iñaki Ormazabal, Pasaiako Udaleko arkitektoak azalpen sakona eskaini zien elkartu ziren herritarrei. Haien galderei erantzuten ere jardun zen arkitektoa. Udal arkitektoak herritarrei proposamenak egin ditzaten gonbita egin zien, haiek ezagutzen baitute inork baino hobeto barrutia eta baita antxotarren beharrak ere.

Izaskun Biurrunek, Antxoko alkateordeak, berriz, prozesuaren helburuen berri eman zien Ikastolan bildutakoei. Hemendik 10-20-30 urtera nolako Antxo nahi dugun diseinatzeko prozesua da hau. Prozesu honen bitartez, herritarrek proposatuko dute nola eraiki nahi duten Antxo. Gerora, Udaleko teknikariek proposamen horiek teknikoki zein ekonomikoki aztertuko dituzte, azken biltzar batean denen artean berriz ere barrutirako lehentasunak ezartzeko.

Hurrengo saioan, beraz, herritarrek Antxo berrantolatzeko proposamenak landu eta proposamenak lehenesteko irizpideak finkatzea da asmoa. Horretarako, apirilaren 15ean, 19:00etan Antxoko Ikastolan elkartuko dira, berriz ere Elhuyarrek zuzenduko duen saioan.