Web edukia bistaratu

"Alkarkide" Txaranga

TXARANGAREN HISTORIA

ALKARTASUNA DANTZA TALDEAren kide izaki, behin baino gehiagotan eskatu zitzaigun Hendaian SEASKAren alde egiten ziren afariak girotzeko.

Hasieran, soinujole bat joaten zen; ondoren, atabalari batek lagundu zion; gerora, beste soinujole batek, txistulariak, etab. Pixkanaka-pixkanaka, eta nahi gabe, txaranga bihurtu ginen, eta Alkartasuna Dantza Taldean genuen zereginari eutsi eta Hendaiako dantza-talde batekin lan egiten ere hasi ginen.

Egun batean, aurkeztu egin behar gintuztela-eta, txarangaren izena galdegin ziguten. Ordura arte, baina, ez ginen txaranga moduan definitzen, eta ez genuen izenik. Hala, bat-batean, LAGUNAK izena aukeratu genuen.

Urteen joanean, txarangak gero eta emanaldi gehiago zituen. Horrenbestez, izena aldatu eta gu ginenarekin, garenarekin eta gure sorrerarekin zerikusia zuen izena jartzea erabaki genuen; Alkartasuna Dantza Taldetik sortu ginenez, ALKARKIDE gara egun.

 

ERREPERTORIOA

Alkarkide txaranga dantza-talde batetik sortu zen eta, horrenbestez, gure errepertorioa euskal dantzen doinuek osatzen dute, funtsean. Gure musikaren bidez, Euskal Herriko geografia guztia zeharkatzen saiatzen gara, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko piezak joz.

Gure espezialitatea erromeriak dira; besteak beste, fandangoak eta arin-arinak, Iparraldeko eta Nafarroako Jautziak, Arabako Txulalai edo Nafarroako Soka-dantza.

Bistan denez, afariak edo bazkariak alaitzeko deitzen digutenerako, euskal kantagintzako musika-pieza ugari ere baditugu gure errepertorioan.

Horretaz gain, Pasaia Lezo Lizeoarekin batera, Kaldereroen konpartsa antolatzen dugu, eta gure txaranga da Raimundo Sarriegiren doinuei musika jartzen diena.

 

EMANALDIAK

Musikarekin, euskal dantzekin eta euskararekin zerikusia duten festa guztietan parte hartzen dugu, baita Errenteriako ERROMERI EGUNEAN ere, hasi zenetik beretik. Edizio guztietan parte hartu dugu, batean izan ezik, SARAJEVOn baikinen, biran.

Errenteriako adibideari jarraiki, duela hiru urte, eta Antxoko festa-batzordearekin batera, erromeria antolatzen hasi ginen Sanferminetan.

Helbidea: Gure Zumardia z/g, Azoka Eraikuntza (Pasai Antxo)
Telefono-zenbakia: 658719839
Helbide elektronikoa:  imanol@alkarkide.com
Web orria: www.alkarkide.com