Web edukia bistaratu

"Albaola"

Ondartxoko Itsas Kulturaren Zentro berri hau bisitarientzat zabalik dagoen ontziola bat da; euskal itsasontzi tradizionalak sustatzea eta mantentzea du helburu. Ontzigunea deritzon espazioan Gipuzkoako Foru Aldundiak Untzi Museoaren bitartez bildutako ontziak gordetzen dira, eta baita Albaolak eraikitako euskal ontzi tradizionalen erreplikak ere.

Ontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentro berrian bisitariek ondare-balioa duten ontziak eraikitzeko eta zaharberritzeko prozesuak ikusi ahal izango dituzte. Jaizkibel bapore-draga ere ikusi ahal izango da, Pasaiako portuan 50 urtez, 80. hamarkadaren hondarreraino, lanean aritu dena.

Ondartxok Pasaiako Badiarantz zabaltzen ditu ateak, bertako itsas tradizioaren historia aberatsak blai-blai egin dezan, galeoi, bale-ontzi eta itsas ibilbide urrunetara bidaiatuz.

Kokapena: Ondartxo pasealekua, 1, 20110 Pasai San Pedro (ikus kokapena Google Maps-en)

Harremanetarako: Albaola Elkartea
Tel.: (00 34) 943 392 426
bisitak@albaola.com

Informazio gehiago:
Ondartxok euskaldunon eta itsasoaren artean dagoen harreman estua ezagutzeko aukera ematen du, itsasontzi tradizionalen bitartez.

  • Balio etnografiko handiko 30 ontzi baino gehiago, Gipuzkoako Foru Aldundiak Untzi Museoaren bitartez bilduak: ibaietako ontziak, arrantza-ontziak, estropadetako nahiz aisialdiko ontziak, portu-lanetarako ontziak... Ontzi horiek guztiak zaharberritze-prozesuan daude.
  • Ontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroa; bertan bisitariek ondare-balioa duten ontzien eraikuntza eta zaharberritzea jarraitu dezakete.
  • Ontzigintza; euskaldunek mendez mende garatutako ontzigintza-teknika zaharrak erreplika historiko fidagarriak eraikitzeko eta mantentze-lanetarako erabiltzen dira hemen.
  • Jaizkibel bapore-draga, 50 urte baino gehiago Pasaian lanean aritu dena, 80eko hamarkada arte.