Web edukia bistaratu

Elkarrizketa

Jaione Urruzola: “Pasaian euskaraz bizitzeko aukerak erraztu eta ugaritu nahi dituzten eragileen eta herritarren parte-hartzea uztartuz indarra bildu behar dugu eta elkarlanean aurrera egiteko bidea adostu”

Pasaiako Udala eta Elhuyar Aholkularitza, elkarlanean, datozen hamar urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa osatzen ari dira. Pasaiako Udaleko euskara teknikaria den Jaione Urruzolak planaren inguruko argibideak eman ditu.

1.- Datozen hamar urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa lantzen ari da Pasaiako Udala. Zer dela eta hasi da plan hau garatzen?
Pasaiako euskararen plan estrategikoa osatzeko beharrak/zergatiak honakoak dira:
Haur eta gazteen ezagutza eta bereziki erabilera ez daude bermatuak Pasaian. Gazteen artean askok dute euskara erabiltzeko erraztasun falta, eta kasu askotan ezina ere bai. Erabilerarako faktorerik nagusienak huts egiten du Pasaian. Plan estrategikoak hutsune hau bideratzeko edo bermatzeko neurri urgenteak bildu behar dituela uste dugu.
Horrez gain, Pasaian, Udalaz gain eragile asko ari da hizkuntza normalizatzeko lanean (ikastetxeak, euskaltegiak, merkatariak, hainbat elkarte,...) baina denak bide berean indarrak bildu eta eragileen arteko elkarlana artikulatu behar dela ikusten genuen.
Gainera, ez dago gunerik Euskararen aldeko jarrera aktiboa izan dezaketen herritarrak biltzeko, eta dinamika sozial hori ezinbestekoa da euskararen aldeko indarrak batzeko. Hori ere sortu nahi luke plan estrategikoaren prozesuak.
Amaitzeko, plan estrategikoa euskararen aldeko sentsibilizaziorako ere baliatu dugu.

2.- Asmo potoloak dituzue orduan.
Bai, datozen urteetarako euskararen erabilera sustatzeko neurri zehatzak eta proposamen zehatzak jaso nahi ditugu; komunitateko hainbat sektoreren iritziak eta ekarpenak, barrutiz barruti (bakoitzaren abiapuntua kontuan hartuz).
Beste hauek ere badira gure xede:  euskararen aldeko sentsibilizazio-lana egitea, herritarren euskararen aldeko jarrerak hobetzea eta euskararen aldeko jarrera aktiboa izan dezaketen herritarrak biltzea .

3.- Nola osatuko da plana?
Plana osatzen 6 hilabete emango dira. Abenduan hasi zen eta maiatzean amaituko da prozesua. Hortik aurrera plana gauzatzeko fasean sartuko gara eta horretan ere barrutietan sortzen diren lan-taldeetako kideekin aholku batzorde iraunkorra osatu nahi da. Horrek elkarlana bideratuko luke eta planaren jarraipenaz arduratuko litzateke.

4.- Nola diseinatu da plan estrategikoa osatzeko prozesua?
Plan estrategikoa diseinatzerakoan, lehenengo herriko eragileengana jo dugu: zer egin nahi dugun aurkeztu eta euren parte-hartzea eskatzera. Eragileengana ez ezik herritarrengana ere jo dugu, eta barrutika bilerak egiten ari gara. Barruti bakoitzeko bi bilera egingo dira, lehena martxoan, eta bigarrena apirilean.

5.- Lehenengo faseko bilerak amaitu dituzuenez:nola joan dira?
Dagoeneko bileren lehenengo fasea burutu da eta momentuz bai gu eta baita parte-hartzaileak ere gustura agertu gara bileren emaitzarekin. Bizipenak eta sentipenak partekatu eta barrutiko egoeraren lehen azterketatxoa egin dute lehen bileran. Bigarren bileran, barrutiko egoera hobetzeko proposamenak landuko dituzte.

6.- Zergatik sortu dira lan talde bereziak merkatariekin?
Merkatarien ekarpenak jasotzeko ordutegi berezia behar genuen, haiek berariaz egokitua, barrutietako lan-mahaietara ezin baitute agertu lan-ordutegiagatik.

7.- Eta gazteekin?
Gazteen kasuan, haiekin prozesu berezia landu nahi izan dugu, etorkizunean hizkuntzaren biziberritzean adin-talde estrategikoa delako. Gazteek euskara nola bizi duten jakin nahi dugu eta euskaraz bizitzeko bidean zer egin nahi duten eta nola egin nahi duten jakin nahi dugu. Baina bereziki, haiekin egin nahi dugu bidea, elkarrekin.