Web edukia bistaratu

Azken Eztabaida Jardunaldia

Datorren ostegunean, urtarrilak 28, arratsaldeko 7etan eta Trintxerpeko Alkateordetzan, Pasaiako eta Euskal Herriko aniztasun eta bizikidetzaren gaineko debate parte-hartzailearen azken saioa egingo da. Prozesu honen azken txanpara iritsiak garen honetan, Pasaiako Udaletik gonbidatzen zaituztegu Pasaiako eragile sozial guztiok, jatorri askotariko pasaitarrok,  azken saio horretan parte har dezazuen.

Migrazio joan-etorrien ondoriozko jatorri aniztasuna gure herrian, gure historia bezain zaharra da, gure historia bezalakoxea. Gaur egun, gertakari horren kudeaketa erronka bat da gure gizartearentzat eta administrazio guztientzat, udal administrazioak barne. Pasaiako herritarrak gara; denok bizi gara elkarrekin, bai bertan jaiotakoak, eta bai hemendik kanpo jaiotakoak; herriaren zati gara; eta guztion artean herria eraikitzen dugu egunez egun.

Alkatetza eta gobernu talde honen iritzian esku-hartze instituzionalak elkarrenganako errespetuan eta ezagutzan oinarritzen diren politikak bultzatu behar ditu, herri honen zati garen pertsona guztion eskubide politiko, sozial, ekonomiko, linguistiko eta kulturalak bermaturik.

Horregatik Pasaiako Udal honek iaz jarri zuen abian gehiago atzeratu ezin zitekeen eztabaida prozesua, horretarako tresnak eta guneak bultzatuz. Eztabaida prozesu malgu, barneratzaile eta ez baztertzaile, dinamiko eta parte-hartzailea eragileen artean. Ildo horretan, eta hilabete hauetan egin dugun ibilbideari esker, elkarrekin argitzen ari gara zein den Pasaiaren egoera; bileretan egindako eztabaida eta gogoeten bitartez honako arlo garrantzitsu hauen inguruan: euskara, jatorri hizkuntzak, hezkuntza eta kultura(k)-Sozioekonomia eta lan harremanak -Internazionalismoa, elkarrekiko lankidetza eta Euskal Herriaren eta bizi diren udalerriaren arteko harremana, jatorri herriekiko- Eskubide zibil eta politikoak.

Orain denoi tokatzen zaigu erabakitzea abian jarri behar diren ekimenak eta hartu behar diren konpromisoak; elementu positiboak sendotzea eta problematikoak hobetzea, aniztasun eta bizikidetzari buruz. Azken buruan, nahi duguna da “bertako” pertsona eta eragile sozialak bezala bestelako jatorria duten pertsonak eta taldeak inplikatzea, barnean hartzea eta partekatzea, hurbiltasunean, lehen pertsonan, hemen, gure udalerrian, Pasaian.


Pasaian, 2010eko urtarrilaren 22an.

Obdu Lorenzo