Eduki publikatzailea

XX. Poesia-lehiaketako sari-banaketa

Otsailaren 13an, Trintxerpeko liburutegian

Datorren otsailaren 13an, Pasaiako Udalak antolatutako XX. poesia-lehiaketako sari-banaketa egingo da Trintxerpeko liburutegian 19:00etan. Euskarazko irabazleen jatorrizko lanak "Pasaia Hiria-Xabier Portugal" eta gaztelerazkoak "Villa de Pasaia-Altamira Puente" bildumetan argitaratzen dira 2013ko ediziotik aurrera . Ekitaldia irekia izango da eta nahi duen oro hurbildu daiteke irabazleek irakurriko dituzten olerkiak entzutera eta argitaratutako liburuaren ale bat eskuratzera.

Lehiaketa 1980an sortu zen, Antxoko Udal Liburutegiko liburuzain Altamira Puenteren (1915-2013) literaturazaletasun suharrari esker. Haren prestasun guztiz eraginkorrak bultzatuta, zenbait pertsonak laster egin zuten bat proiektuarekin; tartean, eta bereziki, Xabier Portugalek (1951-2008); literaturaren adiskide handi horrek, izan ere, bultzada nabarmena eman zion lehiaketari zinegotzi nahiz alkate izan zenean, eta hobekuntzak ere egin zituen, argitalpen- eta zabalkunde-lanei dagokienez.

Poema-bilduma hauek saritu dira aurtengo lehiaketan: batetik, Aitor Kaltzakorta Belaustegiren "Euria zara-zara" (lehen saria 1200EUR); eta bestetik, Goiatz Labandibar Arbelaitzen "Interpretazioak g minorren" (bigarren saria 600EUR). Irati Goikoetxea Asurabarrena eta Nerea Beldarrain Ugalde idazleak aritu dira epaimahai-lanetan.

Rosa Rubio Ariasen "Quién anda en la playa" poema-liburuak 1200 EUR-ko lehenengo saria jaso du. Francisco Serrano Rangelen "Tu otro nombre" poesia liburuak 600EUR-ko bigarren saria jaso du. Epaimahaiko kideak izan dira Elena Roman, Jesus Maria Corman eta Felix Maraña idazleak.