Eduki publikatzailea

Udalekuak gurutzaldi abiaduran

Pasaiako Udalaren Gazteria Sailak antolatutako Udalekuetan aurten 340 haur bildu dira, eta guztiak ari dira antolatutako jardueretan gozatzen udalerriko lau barrutietan hilabete osoan. 

Udalekuak alderdi pedagogikotik berritzaileak dira, izan ere gaikako ardatzetan oinarrituta, jarduerak elkarrekin lotuz garatzen ari dira.

Aurten, halaber, adinen arabera bereizi dira gaiak: koloreak, ipuinak eta bidaiak.  Horrenbestez, txikienek abenturetako lagun izango dute Tomax, txotxongilo pintorea. Hark lehenengo egunean kolorerik gabeko ortzadarra oparituko die, eta astez aste koloreztatu egin beharko dute, egiten dituzten jolas eta lantegien arabera. 

Ertainek ipuinak izango dituzte oinarri.  Astean kontatuko zaizkien ipuinari buruzko dinamikak eginez, hainbat jarduera landuko dituzte astez aste. Azken astean euren ipuina sortuko dute. 

Handienek bidaien gaia landuko dute.  Maleta batean hainbat objektu izango dituzte, eta horien arabera, astero egingo dute bidaia bat.  Besteak beste, kulturak, ohiturak eta festak ezagutuko dituzte ikusgai izango duten toki bakoitzean.  Azken astean zein tokitara bidaiatu nahi duten erabakiko dute, eta toki hori existitzen ez bada, nora joan asmatuko dute. 

Jarduerak ez ezik, irteera eta txango ugari dira egitekoak.  Batetik, Oarsoaldeko Garapen Agentziako Turismo Bulegoarekin elkarlanean, ertainek eta handiek Oiartzungo Arditurriko meatzeak eta Sonueneako musika-museoa ikusiko dituzte, eta euren adinera egokitzen diren jarduerak egingo dituzte.  Halaber, beste egun batean Albaola eta Mater itsasontzia ikustera joango dira, eta bertan jolasak eta lantegiak egingo dituzte. 

Ertainek eta handiek beste bi irteera ere egingo dituzte: bata, igerilekura; eta bestea, hondartzara. 

Txikienek itsasontzian egingo dute txangoa itsasartera eta Pasaiako portura, barrutien arteko banaketa egin, eta egun ezberdinetan. 

Bestetik, aurten lankidetza berezia izango dugu, minbiziaren aurkako osasunaren prebentziorako eta heziketarako elkartearekin batera, izan ere uda honetan haurrak erdigune diren prebentziorako kanpaina berezia egiten ari da, eguzkitik egoki babesteko.   Txikienen adinera egokituta, familien ardurapean egon beharrik izan gabe, nork bere burua egoki babesteko ardura hartzea da helburua.  

Horretarako, Gipuzkoa osoan aldikako ibilbidea egiten ari den autobusa Pasaiara etorriko da, barruti guztietara, uztailaren 27 eta 28an, udalekuetako haurrekin egotera.