Eduki publikatzailea

Trintxerpeko Ricardo Arrillaga kaleko igogailua berritzeko lanak

Igogailu hori 2002an eraiki zen, udalerriko zaharrena da, eta ordeztu egingo da.

Irailaren 24an hasiko dira Trintxerpeko Ricardo Arrillaga kaleko igogailua berritzeko obrak.
 
Udalak jarduketa hori egingo du Foru Aldundiarekin sinatutako 2018rako hitzarmenaren baitan. Obrek 42.200 euroko kostua dute (BEZ barne), eta ORONA enpresari esleitu zaizkio.
 
Zehazki, obra horien bitartez, igogailuaren barruko makineria, kabina, eta barruko sistemak ordeztuko dira; igogailua energetikoki eraginkorragoa, modernoagoa eta erosoagoa izan dadin. Zalantzarik gabe, obra honen bitartez konponduko dira mugikortasun bertikaleko elementu horrek dituen arazoak, askotan matxuratzen baita.
 
Igogailu publiko hori, udalerriko zaharrena izateaz gain, asko erabiltzen da, eta berritze-lan hauen beharra sobera justifikatuta dago.
 
Obrek 5 aste iraungo dute; hala ere, ahalik eta azkarren bukatzen saiatuko dira; izan ere, obrek dirauten bitartean, ezin izango da igogailua erabili. Jakin badakigu obra honek eragozpen handia sortuko diela erabiltzaileei; eta horregatik, pazientzia izan dezaten eta eragozpenak barka ditzaten eskatzen diegu.
 
Astelehenean hasiko diren obrak ez dira igogailu horretan egiten diren lehen obrak, izan ere, urte hasieran goiko aldeko sarrerako pasabidea ordeztu zen.

Obrek dirauten bitartean Itsas Etxearen barruko igogailua erabili ahal izango da