Eduki publikatzailea

Trintxerpeko futbol- eta hockey-zelaiko aldagelak martxan dira dagoeneko

Asteburu honetan hasiko dira erabiltzen Trintxerpeko futbol- eta hockey-zelaiko aldagela berriak. Aldagelak udalaren eta aldundiaren funtsekin finantzatu dira, eta berrikuntza-lanek 217.161,08 euroko inbertsioa eragin dute. Construcciones Astiarán enpresak egin ditu obrak.

Aldagela zaharrak Trintxerpeko frontoiaren mailan zeuden, eta berriak zelaian bertan egin dira. Lekua aukeratzeko garaian, diseinua eta kokalekua ingurunean integratzeko ahalegina egin da, ahalik eta inpaktu txikiena eragitearren.  Sarbidea izugarri hobetu da aldagela berriekin. Gelen aireztapena ere nabarmen hobetu da, aurrekoekin alderatuta. 

Erakina laukia da, eta gela hauek ditu: 4 aldagela, komunen eremua, gela tekniko bat, ur beroa ekoizteko gela, eta arbitroentzako aldagela berezia.

Duela gutxi, obra onartu baino lehentxeago, aldageletako fatxadan pintaketak agertu ziren, eta Udaletik salaketa irekia egin nahi dugu, aurrerantzean hiri-altzariak eta udal eraikinak hondatzen dituzten gertakaririk ikusiz gero, erabiltzaileek eta herritarrek eurek lehenbailehen salatu ditzaten Udaltzaingoan.