Eduki publikatzailea

Prentsa oharra: Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailaren adierazpena

Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak honako adierazpen hau egin nahi du, Pasaia KEko kadete A eta kadete B taldeek aldi baterako Aranederko pistak erabiliko dituztela-eta:

  • 1. Maiatza ezkero udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saila lanean ari da Don Bosco erabiltzen duten taldeak eskualdeko beste instalazio batzuetan birkokatzeko; izan ere, ezingo dute zelai hori partiduetarako eta entrenamenduetarako erabili hamar bat astetan, hau da, belarra berritzeko obrek dirauten artean. 
  • 2. Gure helburua da Don Bosco erabiltzen duten talde eta klubetako jokalariak ez kaltetzea, eta lanek dirauten bitartean euren jarduera eten behar ez izatea.
  • 3.- Pasaia KEko kadeteek ostiraletan Aranederko pistak erabiltzeko erabakia hartu zen, beste inon aukerarik ez zegoelako. Izan ere, ezaugarri horiek dituzten eskualdeko instalazio guztiak gainezka daude.
  • 4.- Ostiraletan entrenatzeko lekurik aurkitu ezean, Pasaia KEko talde horiek (kadete a eta b) ezingo lukete entrenatu Don Boscoko obrak bukatu arte; eta Udalak uste du arazo horri konponbidea eman behar zaiola, ahal den heinean.
  • 5.- Udalerriko pistak eta gainerako kirol instalazioak pasaitar guztien erabilerarako eta gozamenerako dira, zein barrutitan dauden alde batera utzita.
  • 6.- Futbol talde horien egoera konpontzeko Aranederko pistak ostiraletan okupatuta egongo direla jakinarazi zitzaien ohiko erabiltzaileei irailaren 18ko astean, instalazioan jarritako kartelen bidez; eta ongi azaldu zitzaien pista horiek zertarako gorde ziren. Pertsona ezezagunak kartel horiek kendu egin dituzte. 

Trintxerpeko bizilagun batzuek mobilizaziorako deia egin dute, Aranderko pistetan Pasaia KEren entrenamenduak eragozteko; eta Pasaiako Udalak uste du zentzurik gabeko liskarra sor daitekeela, tartean gurasoak eta nerabeak egongo direlarik; horregatik, erabaki du aurreikusitako entrenamenduak bertan behera uztea, aldi baterako behintzat.

Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailetik bizilagun batzuen jarrera irrazional horiek gaitzetsi nahi ditugu, elkartasun falta salatu nahi dugu, eta halaber, gogorarazi nahi dugu instalazio publikoak, bai kirolekoak eta bai bestelakoak, pasaitar GUZTION erabilerarako direla, neurri eta eskubide berberetan, dauden tokian daudela ere.

Udal honek ahalegin guztiak egingo ditu kirol jarduera bat egin nahi dutenek (federatua edo federatu gabea) egin ahal izan dezaten, eta herritarren eskura jarriko ditu ahal diren bitarteko publiko guztiak.

Eskandaluzkoa iruditzen zaigu gure gaztetxoek eskualdeko beste herrietako instalazioetan entrenatzeko arazorik ez izatea, eta arazoa geure herrian bertan sortu izana.


Lore Suárez Linazasoro

Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Saileko zinegotzi ordezkaria
Pasaiako Udala