Eduki publikatzailea

PASAIAKO POESIA-SARIAK (XVII. ekitaldia)

PASAIA HIRIA -XABIER PORTUGAL ETA VILLA DE PASAIA -ALTAMIRA PUENTE

Pasaia hiria -Xabier Portugal eta Villa de Pasaia -Altamira Puente poesia lehiaketako sariak argitaratu ditu Pasaiako Udalak, eta 1980tik aurrera antolatzen eta sustatzen dihardu. Sari hauen XVII. ekitaldian berrikuntza izan da, izan ere Portugal izenari euskara lotu zaio, eta Puente izenari, gaztelania. Biek ala biek ekarpen handia egin dute Pasaiako literatura lehiaketen eta kulturaren alde, eta egindako lanaren aitormena da honako lehiaketa hau.

"Morfologiak" poema-bilduma, Garazi Ugalde Pikabearena (Lezo) eta "Forma geometrikoak zure baitan", Anartz Izagirre Zubimendi (Azpeitia), biek merezi izan dute saria, Pasaia Hiria -Xabier Portugal lehiaketaren lehenengo saria, batak; eta bigarren saria, besteak.  
“Anatoema", Álvaro Adrián Perdigón Delgado (Murcia) eta "Los horizontes necios", Alejandro Rafael Alagón Ramón (Huesca), izan dira Villa de Pasaia - Altamira Puente lehiaketaren lehenengo eta bigarren sariak.

Nerea Beldarrain eta Irati Goikoetxea idazleak euskarako epaimahaiko lanetan aritu dira, eta Elena Roman, Jesus Maria Corman eta Felix Maraña izan dira gaztelaniazko epaimahaiko kideak. Gaztelaniaz  61 poesia-bilduma aurkeztu dira, eta euskaraz 7. Saritutako poema-bildumak liburu banatan argitaratuko ditu Berminghamek, ostegunean, martxoaren 17an, 19:00etan Trintxerpeko liburutegian. Bertan egingo dira liburuen  aurkezpenak eta banatuko dira sariak.

Pasaiako sariak 1980. urtean sortu ziren, gogo biziz sortu ere Altamira Puente liburuzainak bultzatuta, Antxoko barrutian.  Bertako liburutegian egiten ziren lehiaketak, haurrak eta helduak hitzaren eta arteen jardueretan trebatu zitezen.  Udalak hasiera-hasieratik bere gain hartu zuen sarien sustapena, eta ekitaldiak bultzatu zituen. Sortze beretik izan zen sustatzaile. 

Altamira Puentek laguntzaileak izan zituen, bereziki nabarmendu zen Xabier Portugal, bai idazle lanetan, bai Pasaiako zinegotzi eta alkate lanetan. Berak eman zion jarraipena ekimen honi bertan zuzenean parte hartuz.  Bi lagun horien aldeko aitormena erakutsi nahian, Pasaiako Udalak erabaki du lehiaketa honek Xabier Portugalen eta Altamira Puenteren izenak eramatea. 

Poesia-sari hau Gipuzkoatik eta Euskaditik kanpo zabaldu zen berehala, eta gaur egun poesiaren bozgorailuetako bat da.  Berrogeita hamarretik gora idazlek jaso dituzte sariak, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, eta haien lanak hedatu eta zabaldu egin dira arretaz zaindutako edizioetan. Gaur arte 26 liburu argitaratu dira, 15 gaztelaniaz eta 13 euskaraz, 1981. urteko lehenengo bi liburuak argitaratu zirenetik. 
Pasaia Hiria sarien aldeko lanean lagun ugari aritu dira, nola lehiatzaileak, hala epaimahaiko kideak. Guztiak izan dira kualifikatuak eta hiru hamarkadetan zintzo aritu dira, garai batean Xabier Portugalek eta Altamira Puentek gogo biziz abian jarritako ekimen honetan.