Eduki publikatzailea

Pasaiak eta Donostiak zaintza indartzea erabaki dute antxon eta Antxorekin muga egiten duten Donostiako kaleetan

Lehengo ostiralean iragarri bezala, Pasaiako alkate Izaskun Gomezek bilera bat egin du Donostiako alkate Eneko Goiarekin Antxon eta Antxorekin muga egiten duten Donostiako kaleetan dauden segurtasun arazoak aztertzeko. Bilera horretan Izaskun Gomezek ostiralean Udaleko eledunen batzordean aurkeztutako neurriak eman ditu ezagutzera, eta Goiari konpromisoa galdegin dio sarri askotan Donostiako udalerrian sortzen diren edo gertatzen diren egitateak direla eta.

Bi alkateak bat etorri dira segurtasun baldintzak hobetzeko premia aitortzean eta garbi daukate neurriak hartu behar direla delituen burutzea prebenitzeko eta geldiarazteko. Ildo horretan, eremu guztian polizia-zaintza indartzea adostu dute, udaltzainen arteko koordinazio mekanismoak ezarriz, zaintzak eta patruilak hobeto eta eraginkorrago planifikatzeko. Era berean argiztapena hobetuko da eremu ilunak saihesteko, haiek ezkutuko lanetarako aukera eskaintzen baitute eta segurtasun-ezaren sentsazioa sortzen.

Bilera Pasaiako Udalean

Aipatutako bileraz gain, Izaskun Gómezek bilera bat egin du gaur segurtasunarekin erlazionaturiko sailekin, joan den ostiralean eledunen batzordeari aurkeztutako jarduketen abian jartzea koordinatzeko. Lan bileran teknikariek eta zinegotziek parte hartu dute aipatutako neurriak lehenbailehen ezartzeko.

Izaskun Gomezek azpimarratu du segurtasuna Antxon eta Pasaiako barruti guztietan lehentasun bat dela bere agintaldian, eta gogorarazi du herritarrek gaiari buruzko proposamenak aurkez ditzaketela honako posta elektroniko hauetan:

planseguridad@pasaia.net

segurtasunplana@pasaia.net

Datozen bi asteotan bidaltzen diren proposamenak aztertuak izango dira haien bideragarritasuna egiaztatzeko, eta haiek lehenbailehen Pasaiako segurtasun planera biltzeko.