Eduki publikatzailea

Partaidetzazko aurrekontuak 2017 - Aurkezpena

PASAIAGILEA NAIZ!

AURREKONTU PARTE-HARTZAILEAK

Pasaiako Udalak partaidetzazko aurrekontuen prozesua abiaraziko du, pasaitarrek Udal aurrekontuaren atal bat zertarako erabiliko den erabaki dezaten, izan ere, haiek ezagutzen dituzte ondoen udalerria eta bertako kaleak, zerbitzuak eta baliabideak; eta, beraz, haiek esan diezagukete inork baino hobeto herri honek zer gabezia eta premia dituen. 

Prozesuaren bitartez, udalak pasaitar guztien ikuskerak eta interesak hartu nahi ditu kontuan, eta beharrak landu nahi ditu, modu komunitario edo kolektiboan, ezberdinen arteko elkar ulertzearen bila: askotariko beharrak, barruti ezberdinak. Azken batean, Pasaiaren beharrak herritarren beharretatik abiatzen dira. 


Partaidetzazko prozesu hau hausnartzeko eta erabakiak artzeko gunea izango da, Udalak bere horretan herritarrek eztabaidatu eta erabakitakoa errespetatzeko erabaki irmoa baitu.

Gainera, eta azpimarratzeko puntu bezala, aipatzekoa da prozesu honek Udala osatzen duten formazio politiko guztien babesa duela.

Partaidetzazko aurrekontuaren ezaugarri nagusiak honakoak dira:

  • Herritarrek Udal aurrekontuko inbertsioetako 400.000€-ren inguruan erabaki ahal izango dute, bi urtetan garatzekoak izango direnak.
  • Udal Aurrekontuaz ari garenez, prozesu honetan landu eta garatuko ditugun proposamenak Udalaren eskumenekoak  izango dira, eta ezingo dute prozesu honetan dugun aurrekontu muga gainditu. Aurrekontua gainditzen duten horientzat Udala beste finantzabide batzuk bilatzen saiatuko da.
  • Ez da gutxienekorik ezarri barruti bakoitzerako, prozesua eta proposamenak gehiegi ez baldintzatze aldera. Pasaia, lau barrutien banaketaz harago, herri bakar bat gisa landu eta irudikatu nahi dugu prozesu honen bidez, eta aurrekontua zatikatzeak irudikapen hau zalantzan jartzen zuen.
  • Proposamen bakoitzak ezin izango du 100.000€-ko aurrekontua gainditu. Modu honetan, prozesu honetatik gutxienez 4 proposamen aterako direla bermatuko dugu.

Prozesu honen metodologia eta dinamizazioaz Aztiker Soziologia Ikergunea arduratuko da.

Prozesu honen helburu nagusia herritarren eta udal gestio publikoaren arteko harreman edo distantzia murriztea da, eta zentzu honetan, pasaitarrak udal aurrekontuaren eztabaidan eta erabakietan murgiltzea. 

Pasaiako partaidetzazko aurrekontu  prozesuak, halako prozesuen metodologiari jarraituz, honako urrats hauek jarraituko ditu:

  • Lehendabizi, proposamenak jasotzeari ekingo diogu: hiru asteko epea izango dugu herritarrek euren behar eta proposamenak helarazi eta jasotzeko. Lan fase hau maiatzaren 29tik ekainaren 18ra garatuko da.
  • Proposamen guztiak jaso ostean, Udalaren esku jarriko dira, hark balorazioa egin dezan. Ezer baino lehen, lehenengo iragazkia egingo da, Udalaren eskumenekoak ez diren proposamenak prozesutik kanpo uzteko, edota aurreikusita daudenak baztertzeko. Segidan, teknikariei helaraziko zaizkie, balorazio teknikoak egin ditzaten eta aurrekontua kalkulua egin dezaten. 
  • Iraila amaieran edo urriaren hasieran herritarrekin bilera irekiak eginez, proposamenak aztertu eta landuko dira. Aldez aurretik adostutako irizpide batzuen arabera proposamenak lehenetsiko dira.  
  • Proposamenak lehenetsi eta gero, urriaren amaiera aldera edo azaroaren hasiera aldera, bozketarako epea irekiko da. 

Lehendabiziko fasea, aipatu bezala, proposamenak jasotzekoa izango da. Urrats hau garatzeko eta proposamenak egiteko herritarrekin hainbat aukera izango dituzte:

  • Bilera irekiak: 4 bilera ireki antolatu ditugu, barruti bakoitzean bana, behar eta proposamen ugariak jasotzeko helburuarekin. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu egokien datorkien bilerara bertara daitezen. Bilera-deiak etxebizitzetako postontzietan banatutako diptikoetan ageri dira.   
  • Kalez kale ibiltzea: barrutietako bilera-egunaren aurretik edo goiz horretan bertan kalean izango gara herritarren proposamenak jasotzeko, prozesuari buruzko informazioa emateko, eta arratsaldeko bileran parte hartzeko gonbita egiteko. 
  • Diptikoak: etxe guztietara zabaltzen ari diren diptikoetan proposamenak egiteko atala agertuko da. Beraz, atal hori bete ondoren, gertuen dagoen postontzian utzi behar da. Postontziak toki hauetan izango dira: udaletxean, HAZeko bulegoetan, kultura-zentroetan, Gaztelekuetan, etab. 
  • Internet bidez, Pasaiako Udalaren webgunean.

Webgunean proposamenak egiteaz gain, prozesuari buruzko informazioa kontsulta liteke. 

Aurkezpenari amaiera emateko, proposamenak nola egin azaltzeko hainbat arlo nabarmendu nahi ditugu:

Pasaitar bakoitzak nahi beste proposamen egiteko aukera izango du.
Proposamena norberaren izenean edota talde-elkarte baten izenean egin daiteke, nahiz eta proposamen guztiek balio bera duten.
Proposamena egin duenaren kontaktua uzteko eskatzen dugu, proposamenarekin zerikusia duen kontsultaren bat edo zalantzaren bat argitu behar denerako.
Ez dago gutxieneko adinik proposamenak egiteko.

Prentsaurreko honen bidez, herritar guztiak partaidetzazko prozesu erabakitzaile honetan  ekarpena egitera animatu nahi ditugu, guztion artean Pasaiako herria hobe dezagun.