Eduki publikatzailea

Otsailak 27: Adierazpen instituzionala sSEADen aldarrikapenaren 40. Urteurrena dela eta

Gaur, 2016ko otsailak 27, 40. urteurrena betetzen da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela eta Pasaia-ko Udalak bat egin nahi du gertakari historiko horrekin eta beste urte batez ere garbi erakutsi nahi du Saharar Herriarekin duen konpromiso tinkoa.

ACNUR, Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuen agentziak salatu zuenaren arabera, Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan 2015eko urrian eroritako uholde-euriek 90.000 lagun baino gehiagori eragin diete, hauetako 25.000 pertsonek etxea galdu dute eta jakirik gabe geratu direlarik.

UPV EHUko Hegoa Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskal Fondoaren sostenguarekin burututako hainbat ikerkuntzak froga berriak ekarri dituzte Marokoko Gobernuak saharar herritarren artean egindako bortxazko desagertzeei eta bonbardaketei buruz. Ikerkuntza horiek, gainera, baliagarriak izaten ari dira Saharar Herriaren aurkako genozidioagatik jarritako kereilaren ikerketan, eta egia, justizia eta ordainketa lortzeko eskarietan.

Hori guztia dela eta, Pasaia-ko Udalak ondorengoa adierazten du:

  1. Berretsi egiten du RASDeko gobernu legitimoa eta Fronte POLISARIOA errekonozitzen dituela, eta behin berriro aldarrikatzen du Saharar Herriak legez duen autodeterminatzeko eskubidea. Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen dio eman diezaiola estatus diplomatikoa Fronte POLISARIOAren Espainiako Ordezkaritzari, bera baita Saharar Herriaren ordezkari bakar eta legitimoa, NBEk hala aitortua.

  2. Espainiako Gobernuari eta nazioarteko komunitateari eskatzen die bultza ditzatela beharrezko ekimen politiko guztiak konponbide zuzen eta behin betiko bat erdiesteko, erreferendum baten bidez, Nazio Batuen ebazpenen arabera.

  3. Marokoko agintariei eskatzen die bertan behera utz dezatela giza eskubideen alde diharduten saharar aktibisten aurkako jazargoa, saharar preso politikoak aska ditzatela eta argi dezatela desagertutako 400 saharar baino gehiagoren patua.

  4. Espainiako Estatuari eskatzen dio har dezala bere gain duen erantzukizun historikoa; aktiboki lan egin dezala Europar Batasunaren barruan eta aprobetxa dezala Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan dagoela, MINURSOri luzatu dakion Mendebaldeko Saharan giza eskubideak zaintzeko emana duen agindua.

  5. Bene-benetan eskertzen du euskal herritarren lankidetza interes-gabea eta eskuzabaltasuna, horiei esker aurrera eraman daitezkeelako Saharar Herriarekiko lankidetza-proiektuak, hala nola den euskal elkartasun-karabana, Oporrak Bakean, e.a.