Eduki publikatzailea

OSKARBI TALDEA 1966-2016 liburuaren aurkezpena

Oskarbi taldeak Pasai Antxo izan zuen lehen entsegu lekua, bertan kokatu zuten beraien egoitza, helbidea eta eguneroko lan artistikoa.

1966tik 1980ra Antxoko egoitza hauetan aritu zen Oskarbi taldea euskal kantu berriaren sorkuntzan: plazako etxebizitza batean, ikastola sortu berriko gela batean, Coral Pasaitarraren egoitzan, Anunciata eskolan eta Kutxa Munizapalak utzitako Nafarroa ibilbideko egoitza batean.

Urte horietan Oskarbik arrakasta ugari izan zituen: Ez Dok Amairuren partaide (1968-1971), Eibarko txapelketan bi sari nagusi, 6 disko plazaratu, 500 bat kantaldi…

Geroztik, Oskarbik beste entsegu egoitza batzuk izan ditu, betiere Pasaiako badiaren inguruan: Oiartzun, Altza, Trintxerpe, Antxo, Errenteria eta azken 20 urteetan Lezon. 2016an Oskarbi taldeak 50 urte egin zituen eta oraindik kantuan jarraitzen dute, aurten 52 urte egingo dituzte euskal kantua zabaltzen.

Oskarbiren 50. urteurrena ospatzeko liburu bat plazaratu zuen Joxelu Trekuk: Doinu zaharren aritik, euskal kantu berriaren bidean. Oskarbi taldea 1966-2016. 400 orrialdeko liburu mardulean taldearen kantaldi, kantu, partaide eta ibilbide zabal kronologikoa agertzen dira.

Liburua aurkezteko aitzakiarekin Pasai Antxoko liburutegian eskaintza paregabea izango da:

-Oskarbiren diskografia eta ibilbidea azaltzen duten bi bideo pantailan.

-Liburuaren egilearen eta beste taldekide batzuen azalpenak.

-Kantu sorta bat zuzenean era informalean.

  • Noiz: urriaren 25ean, osteguna, arratsaldeko 19:00etan.
  • Non: Pasai Antxoko liburutegian