Eduki publikatzailea

Osasun mentala Oarsoaldean - Diagnostikoaren aurkezpena

Arraztalo eta Aldura elkarteok abenduaren 11n Pasaian antolatu dugun jardunaldira gonbidatu nahi zaitugu. Jardunaldi horretan, Oarsoaldean gaixotasun mentala duten pertsonei ematen zaien arretari buruz egin dugun ikerketa aurkeztuko dugu.

Besteak beste, arlo horretan lan egiten duten 44 pertsonen elkarrizketak biltzen ditu azterketa honek. Osakidetzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Lanbideko, Udaletako eta gaixotasun mentala duten pertsonen elkarteetako kideen iritziak bildu ditugu. Gaixotasuna duten pertsonen testigantzak ere badaude.

Jardunaldian, eskualdeko diagnostikoaren aurkezpenaz gain, Salut Mental Catalunya Federazioko kideak izango ditugu, Osasun Mentaleko Mahaien inguruan duten esperientzia azaltzeko.

Ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailaren laguntzarekin egin da.

Zuen interesekoa izango delakoan, bertan ikustea espero dugu. 

EGITARAUA

  • 8:45 Harrera
  • 9:00 Aurkezpena ARRAZTALO ETA ALDURA ELKARTEAK
  • 9:15 Oarsoaldeko diagnostikoaren aurkezpena SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa
  • 10:30 Kafea
  • 11:00 Osasun Mentaleko Mahaien esperientzia Katalunian: 
    • MARTA POLL, zuzendaria, Salutmental Catalunya Federazioa.
    • MONICA CARRILERO, eragintza politikoa, Salutmental Catalunya Federazioa.
    • FOIX SOGAS, El Turó Elkarteko Lehendakaria.
  • 12:15 Mahai ingurua eta galde erantzunak

Aldura, Errenteriako, Pasaiako eta Lezoko gaixotasun psikikoak dituzten pertsonak eta senideak biltzen dituen elkartea da. 2016an sortu zen Oarsoaldea eskualdeko herri hauetan gaixotasun mentalak dituzten pertsonen alde lan egiteko.

Arraztalo, Oiartzungo gaixotasun psikikoak dituzten pertsonen eta senideen elkartea da. 2010ean sortu zen herrian kolektibo honen inguruan zeuden hutsuneak bete nahian. Ordutik, baratza ekologikoetan oinarritutako lan integrazio programa du martxan eta sentsibilizazio ekintza ugari egin ditu. Etorkizunerako, lan integrazioan sakontzeko asmoarekin, Enplegu Zentro Bereziaren proiektua sustatu nahian dabil.

SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentro, Eguía Careaga Fundazioaren baitan sortu zen 1972. urtean, arlo sozialeko informazio zientifiko eta teknikoaren zabalkundearen gabezia garrantzitsu bati erantzunez.
Urte berean erabaki zen ezgaitasunaren alorreko nazioarteko zerbitzu espezializatu bat sortzea. Garaiko elkarteen alorreko mugimenduari loturiko zerbitzu horren bitartez, erantzun nahi zitzaien arlo horretan lan egiten zutenei hazten ari zen dokumentazio eta informazio hori helarazi, hasieran adimen-urritasunaren arloari mugatuz, eta horren ondoren –nagusiki alderdi sozialean nabarmentzen baitzen ezin zela hartu modu isolatuan–, ezintasunen arlo osora ireki zen, azken batean, gizarte-zerbitzu orokorren gaia hartu arte.

  • Sustatzaileak: Arraztalo eta Aldura Elkarteak.
  • Egilea: SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailak eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailak diruz lagundutako egitasmoa.
  • Parte hartzaileak: Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Osasun Mentaleko eta Arlo Soziosanitarioko Atala, Aita Menni, Agifes, Gipuzkoako Foru Aldundiko Indarkeria Matxistaren Emakume Biktima Babesteko eta Gizarteratzeko zerbitzuen zuzendaritza, Lanbideko lurralde bulegoa, Gureak Industrial, Gureak Itinerary, Gureak Zerbitzuak, Hurkoa Fundazioa, Donostiako lehenengo instantziako 6. Epaitegia, Oiartzungo Udaleko gizarte zerbitzuak, Errenteriako Udaleko gizarte zerbitzuak, Lezoko Udaleko gizarte zerbitzuak, Pasaiako Udaleko gizarte zerbitzuak, Errenteriako Osasun Mentaleko Zentroa, Oarsoaldea Garapen Agentzia, gaixotasun mentala duten norbanakoak eta gaixotasun mentala duten pertsonen senideak.